Iberdrolak eta CDTIk 700.000 euro inbertituko dituzte EAEko Atten2 enpresa teknologikoan
Atten2k, IK4-TEKNIKERen spin offak, Gipuzkoako Parte Teknologikoan du egoitza, Eibarren, eta elektrizitatearen sektorean lubrifikatzaileak monitorizatzeko sentsoreak diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen ditu. Atten2ren jarduera gaur goizean aurkeztu dute, Bilboko Iberdrola Dorrean egin den topaketan.
Iberdrolak eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendeko Garapen Teknologiko eta Industrialerako Zentroak (CDTI) hitzarmen bat sinatu dute gaur Atten2 Advanced Monitoring Technologies SL-rekin. Hitzarmen horren bitartez, bi erakundeek 700.000 euro inbertituko dituzte konpainian, bi zatitan.
INNVIERTE programaren parte da eragiketa hori. Iberdrolak, arrisku-kapitaleko bere funts korporatibo Perseoren bidez, eta CDTIk, programa horren bidez, energiarekin eta ingurumenarekin lotuta lan egiten duten konpainietan inbertitzen dute INNVIERTE programan.
Inbertsio horrekin, Iberdrola eta CDTI Atten2ren kapitalean sartuko dira, haren garapena sustatzeko eta bere sektorean sendotzeko.
Hala adierazi dute CDTIko idazkari nagusi Margarita Gabiolak, IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusi Alejandro Bengoak eta Iberdrolako Berrikuntza, Jasangarritasuna eta Kalitateko zuzendari Agustín Delgadok, Bilboko Iberdrola Dorrean gaur goizean egin den ekitaldian.
Atten2 IK4-TEKNIKERen spin off bat da, eta Gipuzkoako Parke Teknologikoan du egoitza, Eibarren. Aplikazio industrialetan fluidoen egoera monitorizatzeko —batez ere olioarena—, sentsoreak diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen ditu. Elektrizitatearen ekoizpenean eta banaketan erabiltzen dira, besteak beste, sentsore horiek.
Zehazki, Atten2ren lehenengo produktuak, OilHealth eta OilWear sentsoreak, aerosorgailuetan olioa monitorizatzeko erabiltzen dira.
IK4-TEKNIKERek eta Atten2k elkarrekin patentatutako eta garatutako teknologia bat dute oinarri sentsore horiek, zeinen bidez eraginkortasuna handitzen den olioaren erabilera intentsiboa egiten den aplikazioetan. Horrela, olioaren egoera urrunetik eta denbora errealean monitoriza daiteke, eta ohiko gainbegiratze-metodoekin baino segimendu askoz hobea egin.
Iberdrolak eta CDTIk Espainian industria-sarea eta ekintzailetza sustatzeko duten konpromisoaren barruan sartzen da inbertsio teknologiko hori, eta gizarte jasangarriago bat lortzeko ekoizpen-eredua aldarazten duten proiektu berritzaileak sustatzea du xede.