I+G makina-erreminta lehiakorragorako
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak fabrikazio aurreratuan dituen gaitasunak erakutsiko ditu Makina-erremintaren Biurteko Azokan, metrologia, elkarlaneko robotika, fabrikazio gehigarria, mekanizatu kriogenikoa eta industriaren mantentze-lanen erakusleekin.
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa aditua da industria-sektorerako irtenbide berritzaileak garatzeko unean, eta erreferentea da makina-erremintaren eta ekipo-ondasunen eremuan. Bada, presentzia nabarmendua edukiko du Makina-erramintaren Espainiako Biurteko Azokaren (BIEMH) 29. edizioan, eta fabrikazio aurreratuan duen gaitasuna erakutsiko du hitzordu horretan.
Euskal zentroak ikuspegi integraletik jorratzen ditu produktu mekatronikoaren fabrikazioa eta makina-erreminta, eta manufaktura-inguruneei aplikatutako teknologiak ikertzen eta garatzen ditu, industriako lehiakortasuna sustatzeko xedez.
Metrologian, industriaren mantentze-lanetan, fabrikazio gehigarrian, mekanizatu kriogenikoan eta elkarlaneko robotikan egin dituen aurrerapenak aurkeztuko ditu IK4-TEKNIKERek BIEMHen, funtsezko eremuak baitira horiek fabrikazio aurreratua 4.0 Industriaren inguruan sendotzeko. Industriarako paradigma berria da 4.0 Industria, eta teknologietatik produkzio inguruneetarako transferentzia azkarrean dago oinarrituta.
Mendebaldeko potentzien garapen ekonomikorako ardatz estrategikotzat jo da fabrikazio aurreratua, eta giltzarria da transformazio-industriaren lehiakortasuna bermatzeko.
Patroi fisikorik gabeko metrologia
BIEMHen hurrengo edizioan, IK4-TEKNIKERek metrologiaren alorrean duen gaitasuna erakutsiko du, funtsezko elementua baita zehaztapen-fabrikazioan.
Eremu horretan, IK4-TEKNIKER Egiaztatze Erakunde Nazionalaren (ENAC) ziurtagiria lortzeko bidean dago, tamaina ertain eta handiko (1.500 eta 13.500 mm bitarteko ardatz luzerakoak) Koordenaden arabera Neurtzeko Makinen (MMC-en) kalibrazioak egiteko laser teknologiaren bidez.
Teknologia horrek patroi fisikoak ordezten ditu, eta kalibrazio prozesuan mekanismo zehatzagoak aurkitzeko beharrari erantzutea ahalbidetzen du, makineriaren geldiune txikiarekin.
Robot-pertsona lankidetza
Bestetik, IK4-TEKNIKERek elkarlaneko robotikaren eremuari egin dion ekarpena aurkeztuko du, industria-ekoizpeneko prozesuei malgutasuna emateko espezializazio arlo gakoa baita.
Elkarlaneko eszenatokiak eraikitzeko unean aurrera egiteko xedez, erabiltzaile bakoitzaren beharren araberako robota muntatzeko osagai sorta erakutsiko du zentro teknologikoak, bai eta baliozta dezaten garatutako prototipo bat ere, zeinarekin bisitariak elkarreraginean arituko diren.
Fabrikazio aurreratuko prozesuak
Fabrikazio aurreratuaren garapenean funtsezkoa den eta zentro teknologikoak erakutsiko duen beste diziplina bat izango da mekanizatu kriogenikoa. Prozesu horrek, fresaketa eta torneaketa lanei ezarrita, prozesu horien eraginkortasuna areagotzea lortzen du, eta ingurumen inpaktua murrizten du.
Mekanizatu kriogenikoak nitrogeno likidoa (-196 ºC-ra iristen da) edo CO2 (-78 ºC-ra irits daiteke) bezalako fluidoak erabiltzen ditu. Fluido kriogenikoa, mozketa prozesuetan aplikatzen denean, kostu ekonomiko altuko material aurreratuei eta mozteko erraminta bereziei lotuta egoten da eskuarki.
Laser Metal Deposition piezak askatasun handiagoaz fabrikatzeko
Fabrikazio gehigarrian dituen berritasunak ere aurkeztuko ditu IK4-TEKNIKERek. Fabrikazio gehigarriak egitura zein pieza geometriko askeak sortzea ahalbidetzen du, material geruzak segidan ipiniz.
Zentro teknologikoak bost pieza aurkeztuko ditu industria-sektore ezberdinetarako, hala nola, moldeak eta matrizeak edo aeronautikarako, Laser Metal Deposition (LMD) deiturikoaren bidez fabrikatutakoak horiek. LMD fusioan dago oinarrituta, metalezko hautsezko laser bidezkoan, eta substratu baten gainazalean ezartzen da hori, hiru dimentsioko egiturak sortzeko.
Industriaren mantentze-lanak eta Industry 4.0
Azkenik, industriaren mantentze-lanen eremuko berrikuntzak erakutsiko ditu IK4-TEKNIKERek, funtsezko diziplina baita 4.0 industriarako eta fabrikazio aurreraturako, izan ere, hutsegiteak aurreratzen dituzten, geldiuneak planifikatzen dituzten, ekipoen erabilgarritasuna areagotzen duten eta konponketaren, mantentze-lanen eta operazioaren kostuak murrizten dituzten sistemak abiaraztea ahalbidetzen du.
ULMA Carretillas Elevadoras enpresarekin lankidetzan, floten kudeaketarako irtenbide logistiko osoa garatu du IK4-TEKNIKERek, eta eskorgaren erabilera, mantentze-lana eta bizitza baliagarria hobetzeko nahitaezko parametroak urrunetik kontrolatzea ahalbidetzen du horrek.
BIEMHen 29. edizioan, 1. pabilioian egongo da zentro teknologikoaren erakusketa-standa, B19 eta C20 korridoreen artean.