IK4 Aliantza Teknologikoak jardunaldi tekniko bat antolatuko du materialen teknologien eta haien aplikazioen eta aukeren inguruan
Jardunaldia alor horretako azken errealitateak, joerak eta etorkizuneko erronkak ezagutzeko interesa duten enpresa eta eragileei zuzendua dago.
IK4 Aliantza Teknologikoak jardunaldi tekniko bat antolatuko du otsailaren 16rako. Materialen teknologien eta haien aplikazioen eta aukeren inguruan hainbat eremutan egin diren azken aurrerapenak izango dituzte mintzagai jardunaldian. Ekitaldia Zamudion egingo da, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikin nagusian.
"Aurkako ingurune batean dauden materialetarako soluzio teknologikoak" izenburua du jardunaldiak, eta alor horretako azken errealitateak, joerak eta etorkizuneko erronkak ezagutzeko interesa duten enpresa eta eragileei zuzendua dago.
Francisco Javier Ester Solak parte hartuko du jardunaldian. Ester Sola jaunak zenbait ardura ditu BSGren Berrikuntzaren Transferentziaren eta Teknologia Korporatiboaren Sailean, Zaragozan, non materialei lotutako proiektuak lantzen baititu batik bat. Bere saioan, Ester doktoreak azalduko du nola heltzen dioten gai horri (instalazioak, langileak, ekipoak eta eskumenak); halaber, materialei buruz garatu dituzten proiektu adierazgarri batzuen berri emango du, eta erakutsiko du nola aplikatzen diren materialok ingurunerik aurkakoenetan. Gainera, adieraziko du zer ikerketa-ildotan beharko luketen lankidetza eta, azkenik, merkatutik gertuko zer produktu berritan eta zer ikerketa disruptibotan ari diren lanean azalduko du.
IK4k, berriz, zenbait hitzalditan azalduko du zer berrikuntza teknologiko dauden eta zer proiektu adierazgarri dauden gaur egun materialen diseinuari, saiakuntzei, karakterizazioari, tratamendu termikoei eta estaldurei lotuta.
Materialen teknologian bizi dugun iraultza da jardunaldi hau egiteko arrazoi nagusia. Azken hamarkadatan, asko handitu da prestazio handiko materialen erabilgarritasuna eta hobetu egin da haien prezioa, oro har, baina batez ere aurkako inguruneetan erabiltzeko; eboluzio hori arrazoi hauek eragin dute: energia-iturri berriak bilatzeko beharra, lekuak eta itsasoak ematen dituen aukerak baliatzekoa edo, besterik gabe, produktuen, sistemen edo azpiegituren kostua murrizteko eta haien bizia luzatzeko beharra. Aldaketa horrek edozein sektore eta produkturi eragiten dio, baina material horien erabilerak erronka berriak sortzen ditu haiek lortzeari eta prozesatzeari dagokienez, eta ekipamendu eta makinen industria fabrikatzailea zenbait alderdi —gaitasunak, ezagutza, araudiak eta gainditu beharreko ziurtagiriak— eraldatzera behartzen du horrek. Gainera, material aurreratu baten kostua handiagoa da hark ordezten duen prestazio txikiagokoa baino, eta horregatik are garrantzitsuagoa da haren erosketa-kudeaketa eta prozesamendua.
Informazio gehiago eta izen-ematea jardunaldiaren web-ean