IK4-TEKNIKERek emaitzak hobetu zituen 2016an
Euskal zentroaren jardueraren diru-sarrerek %2,8 egin zuten gora 2016an
2016ko ekitaldia bereziki bizia izan da IK4-TEKNIKER zentro teknologikoarentzat, izan ere, duela lau urte abiarazitako 2013-2016 Plan Estrategikoari buru eman zaio. Epe horretan, euskal zentroa nabarmen hazi da: ia-ia %20 areagotu ditu jardueraren diru-sarrerak, eta langile-kopurua %8,95. Zentroak 280 langile ditu orain.
IK4-TEKNIKERek 24,063 milioi euro irabazi zituen 2016an bere jarduerari esker, eta neurri handi batean Euskadiko enpresa-sareak I+G+b-ren alde hartutako konpromisoari zor dio zenbateko hori. Izan ere, I+G+b-ri esker lortutako irabazien ia erdia, %48,5, enpresekin kontratatutako berrikuntza eta garapen proiektuei esker lortu zuen. Gainerakoa, berriz, Europar Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programa lehiakorrei esker (%24,1 eta %25,2 hurrenez hurren).
Ekitaldi berean, halaber, 2016-2019 Espezializazio Plana abiarazi zuen, eta 2017-2020 Plan Estrategikoa onetsi zen. Azken horrekin, IK4-TEKNIKERek Euskadiko I+G+b-ko erreferente izaten jarraitu nahi du. IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusi Alejandro Bengoak esan zuen bezala, “zifra bikainak dira, kontuan hartuta azken urteetan testuinguru ekonomiko zaila bizi izan dela. Gure helburua enpresengandik gero eta gertuago egotea da, eta aldi berean ikerketaren arloan dugun bikaintasun-maila hobetzen jarraitzea”.
Gaitasunak batuz
Zentroak I+G-ko estrategiak definitzen laguntzen die enpresei. Agente aditu gisa jarduten du, bere ezagutzak transmitituz, enpresak teknologiaren arloan lehiakorrak izaten jarrai daitezen. Epe estrategikoan zazpi enpresa berri batu dira “Erakunde Laguntzaileen” kolektibora, ezagutza teknologikoak eta merkatua partekatzeko konpromisoarekin: Egile, iLine, Maier, Ona Electroerosión, Pasaban, Ulma Handling Systems eta Zayer. Horiek guztiek dinamismo handia dute eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egiten dute.
Horrez gain, partaidetzako ereduak sortzen lan egiten dihardu IK4-TEKNIKER, hala nola, IK4 Aliantza. Aliantza horretako 9 zentroek gogor egiten dute lan hazten jarraitzeko, bikaintasun-maila hobetzeko eta Europan duten eragina areagotzeko.
Diru-sarreren banaketa
Enpresei zor zaizkien diru-sarrerez gain (%48,5), ikerketan laguntzeko administrazioen programen deialdi lehiakorretan izandako parte-hartzeak osatzen du joan den urtean erregistratutako negozio-zifra. Gauzak horrela, Europar Batasunak sustatutako programen proiektuek diru-sarreren %24,1 ekarri zuten, eta Eusko Jaurlaritzak sustatutakoek, berriz, %25,2.
Nabarmentzekoa da IK4-TEKNIKERek nazioartean, Europa mailan, egindako ikerketa lana. 2016. urtean, diru-sarreren %20 baino gehiago Europan sortu ziren, eta proiektuetan Euskadiko 25 enpresa baino gehiagok parte hartu zuten. Joan den urtean 13 proiektu onartu ziren EBko Ikerkuntza eta Berrikuntza Esparru Programa horren barruan. Horietako lauren buru izan zen, 6,5 milioi euro baino gehiagoko bilketarekin, eta IK4-TEKNIKERen garatutako espezializazio-maila bikaina bermatu zen.
Epe horretan, garrantzia handia hartu du zentroak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) berrantolaketa-prozesuan izan duen parte-hartzea. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen sarea da, eta laguntza programa berriak abiarazi dira horrekin batera.
Transferentziako beste formatuei dagokienez, 2014an 100 ikertzaileko 2,1 patente eskatu zituen zentroak; 2016an, berriz 100 ikertzaileko 3 patente eskatu zituen. Hortaz, 2020. urterako eskatzen ziren baldintzak bete ditugu dagoeneko. Era berean, patenteen lizentziak edo patenteen gaineko eskubideak saltzeagatiko diru-sarrerak ere nabarmen areagotu dira: 2014an 100 ikertzaileko 195.000 eurokoak ziren, eta 2016an, berriz, 100 ikertzaileko 320.000 eurokoak. Kasu honetan ere, datorren epe estrategikorako ezarritako xedetik oro hurbil.