IK4-TEKNIKER-ek ziurtapena eskuratu du I+G+b-ko kudeaketan
Zentro teknologikoak ikerketa eta transferentziaren arloko kudeaketa sistemaren bikaintasuna egiaztatzen duen ziurtapena lortzeko baldintzak betetzen ditu.
Berrikuntzaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa da enpresen lehiatzeko gaitasuna sustatzeko. Gainera, teknologiaren aldetik soluzio aurreratuak garatzeak eta soluzio horiek industrian eta merkatuan eskaini ahal diren produktu eta zerbitzu bihurtzeak, bikaintasuna eskatzen dute kudeaketa prozesuetan.
Testuinguru horretan, IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak ziurtapena eskuratu du gaur goizean, erakundearen I+G+b-ko kudeaketa sistema UNE 166002:2014 arauak ezarritako baldintzetara egokitzen dela ziurtatzen duena. Sistema egokitzeko, IK4-TEKNIKER-ek Juan Carlos Morlaren laguntza izan du, Sonder Consulting enpresakoa, bai eta SGS kanpoko erakundearena ere, ziurtapen prozesurako izendatua.
SGS ikuskapen, egiaztapen, entsegu eta ziurtapen enpresak eman dio saria IK4-TEKNIKER-eko zuzendari nagusi Alex Bengoari, zentro teknologikoaren Eibarko instalazioetan egindako ekitaldian.
Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategiako zuzendari Iosu Madariaga eta SGS-ko I+G+b-ko ziurtapen zuzendari Óscar Nevot izan dira.
Horrez gain, beste hauek ere bertan izan dira: SGS-ko Ipar Eskualdeko ordezkari Enrique Zoppetti; SGS-ko Eragiketen zuzendari Jon Ander Madariaga; IK4-TEKNIKER-eko Marketin eta Digital Business saileko zuzendari Itziar Cenoz; eta IK4-TEKNIKER-eko Pertsonak eta Antolakuntza saileko zuzendari Mercedes Aja.
Ziurtapen honekin, IK4-TEKNIKER-ek argi utzi du UNE 166002 erreferentzia-arauan ezarritako baldintzak betetzen dituela eta bikaintasunerantz zuzentzen den I+G+b-ko kudeaketa sistema duela.
“Gure I+G+b-ko jarduerak, 35 urteko ibilbidearen ondoren, kudeaketa sistema sendoa eraikitzea ahalbidetu digu, eta horri esker ikerketa eta transferentziako proiektuak modu eraginkorrean garatzen ditugu. Honek prozesu guztietako kudeaketa artikulatzen du, bai balio-katean bai hura eusten duten prozesuetan, eta hori ezinbestekoa da zentro teknologiko batean”, adierazi du Bengoak.
“Ziurtapena lortzeak ez du esan nahi prozesua bukatzen denik; beste lorpen bat da, baina guk kudeaketa sistema mantendu eta hobetzeko bidetik jarraitzen dugu, enpresei eta, oro har, gizarteari ahalik eta ondoen erantzute aldera”, esan du Bengoak.
Prozesu sakona
Ziurtapena eman baino lehen, SGS-k bi ikuskapen egin zituen IK4-TEKNIKER-en, bata martxoan eta bigarrena maiatzean, Óscar Nevot buru.
Prozesu horretan, auditoreek egiaztatu zuten IK4-TEKNIKER-en I+G+b-ko kudeaketa sistemak UNE 166002 erreferentzia-arauak ezarritako baldintzak betetzen dituela. Horrek kudeaketa sistema bateratua ezartzea eskatzen du, erakundearen politika gauzatzea eta helburuak lortzea ahalbidetzen duena, alderdi interesdun guztiak aintzat hartuz. Horrez gain, ISO 9001 arauaren kalitate ziurtapena berritu du zentro teknologikoak, 2015eko bertsioarekin. Bi ziurtapenek kudeaketa bikain eta profesionalaren aldeko konpromisoa islatzen dute.