IK4-TEKNIKER eta GIROA VEOLIA elkartu egin dira negozio eredu berriak probatzeko energiaren eremuan
GIROA VEOLIAk lankidetza modu berriak esploratu nahi ditu, energia kudeatzeko zerbitzu-enpresa gisara.
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak hitzarmena sinatu du GIROA VEOLIArekin. VEOLIA multinazionalaren filiala da GIROA, eta energia-zerbitzuetan dago espezializatuta. Bada, energia-eraginkortasunaren eremuan bien arteko elkarlanezko ingurunea sortzeko xedez sinatu du akordioa.
Sozietate bat sortuz amaitu da bi erakundeek sinatutako hitzarmena; besteren artean, Eibarko zentro teknologikoaren instalazioetako energiaren kudeaketari eta mantentze-lanei zerbitzu emateaz arduratuko da, aipatu instalazioen efizientzia optimizatuz horrela.
IK4-TEKNIKERek bere instalazioak eskainiko ditu “Living Lab” modura, bataren eta bestearen xedeak bilduko dituen esperimentazio-gunea sortzeko.
Bestetik, zerbitzu berriak ezartzearen harira eskuratutako etekina berriro inbertitzeko konpromisoa jaso du hitzarmenak, eta hala egin beharko dute bi erakundeek, energiaren eremuari zuzendutako garapen teknologiko berriak bilatzeko asmoz.
Era berean, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan - Eibarko campusean dauden egungo eta etorkizuneko enpresei energia kudeatzeko zerbitzu horiek emateko asmoa dute bi erakundeek, eratu duten sozietatearen bidez.
Haziz doan lankidetza
IK4-TEKNIKERek eta GIROA VEOLIAk sinatu duten hitzarmenak elkarlanaren esparruan urratsa ematea ekarri du. 2016an, hiru mugarrirekin amaitu da lankidetza hori.
Alde batetik, INDIGO proiektu europarra dugu, GIROA VEOLIA duena buru. Barruti-sare termikoen eremua berritzeko asmoa dauka. Proiektu aitzindaria da, eta hotz-sare efizienteagoak, adimentsuagoak eta merkeagoak bilatzen ditu, autoikaskuntza-algoritmoetan oinarritutako kudeaketa-sistema igarleari esker. Sistema horrekin, zehaztasun handiagoz planifika eta kontrola daitezke eskaria, prezioak eta meteorologia bezalako alderdiak, aipatu sareen errendimenduari eragiten baitiote zuzenean.
Bestetik, HIT2GAP proiektu europarrean elkarrekin hartu dute parte bi erakundeek. Eraikinetako energia-kontsumoa optimizatzea ahalbidetuko duen softwarea sortzeari begirakoa da hori. HIT2GAP proiektuarekin, datuak tratatzeko tresna aurreratuen belaunaldi berria garatuko da, eta eraikinetako konfort maila hobeezinak kontrolatzea eta konfort maila horiek energia-eskari planifikatuarekin alderatzea ahalbidetuko dute tresna horiek.
Azkenik, hubgrade (instalazioak monitorizatzeko adimendun kontrol-zentroa) berriak eskaintzen duen gaitasun teknikoa baliatzeko asmoa dauka ekimenak. Zamudioko Parke Teknologikoko instalazioetan inauguratu da aipatu hubgrade-a duela gutxi.