IK4-TEKNIKER eta SENER elkarlanean dabiltza espazioko sateliteetarako estaldura adimendunak garatzen
IK4-TEKNIKER eta SENER elkarlanean dabiltza PVD estaldurak garatzen, funtzionaltasun gehigarriak eransteko sateliteen pieza kritikoen gainazalei.
IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoa eta SENER ingeniaritza eta teknologia-taldea elkarlanean dabiltza PVD estaldurak (Physical Vapour Deposition) garatzen, funtzionaltasun gehigarriak eransteko Europako Espazioko Agentziaren (ESA) Solar Orbiter, ExoMars eta JUICE misioetan erabiltzen diren sateliteen pieza kritikoen gainazalei.
Lurreko atmosferatik kanpo dauden sateliteen osagaiek ez daukate airedun giroetan estaltzen dituen oxido-geruzarik. Fenomeno horren ondorioz, metalezko piezak elkarri lotuta gelditu daitezke, kontaktuan daudenean. Hotzeko soldadura (cold welding) izenarekin ezagutzen da efektu hori, eta oso arriskutsua da antenak edo eguzki-panelak bezalako piezen kasuan.
Fenomeno hori saihesteko helburuarekin, IK4-TEKNIKER elkarlanean dabil SENER konpainian gainazal-ingeniaritzan adituak direnekin, Solar Orbiter (SolO), ExoMars eta JUICE espazio-misioetako sateliteen piezak hotzean soldatzea saihesteko estaldura adimenduak sortzen.
Sateliteen mekanismoan titaniozko pieza ugari daude, eta, geruza babesgarririk izango ez balute, elkarri soldatuta geldituko lirateke. Bada, fenomeno hori saihesteko, metal-metal kontaktua saihesten duten estaldurak garatu ditu IK4-TEKNIKERek; zehazki, PVD (Physical Vapour Deposition) bidezko estaldurak garatu ditu. Izan ere, adituak dira teknologia horretan, eta mikra edo nanometro bateko lodiera besterik ez duten propietate gehigarriak ematen dizkiete materialei.
Teknologia hori solidoak atomo edo molekula bihurtuta lurruntzean datza, eta atomo eta molekula horiek, hustasun-baldintzetan lekualdatzeaz gain, substratu baten azaleraren gainean kondentsatzen dira, propietate fisiko-kimiko espezifikoak dituen estaldura-geruza mehe bat eratu arte. Prozesu horri esker, posible da gainazalei ezaugarri funtzionalak modu garbi eta jasangarrian gehitzea.
SENER enpresak irtenbideok baliozkotu ditu, hotzeko soldadura izan dezaketen osagaiak dauzkaten sateliteetan erabiltzeko. Adibideetako bat beso hedagarriak dituzten antenak dira, beren xedea betetzeko soldadura mota hori saihesteko beharra baitago. Horrela, Solar Orbiter (SolO) eguzkia behatzeko misioan joango diren piezetarako estaldurak egin ditu IK4-TEKNIKERek, SENER enpresak antenen azpisistema osoa egiten baitu misio horietarako, goi-irabazia (HGA) nahiz behe eta erdi-irabazia (LGA eta MGA) duten antenetarako. Bestetik, Jupiterrerako JUICE misiorako piezen estaldurak ere egin ditu, SENERek goi eta erdi-irabazia duten antenen uhin-gidak garatzen baititu. Bada, bi misioek dauzkate eskakizun tekniko handiak, inguruneko muturreko baldintzak direla eta.
Halaber, IK4-TEKNIKER lankidetzan aritu da SENER enpresarekin, Marterako ExoMars izeneko bi esplorazio-misioetan (planeta gorrian bizitza-aztarnak bilatzea da misio horien helburua), SENERek teknologia sortu baitu Marteko esplorazio-ibilgailuen egiturarako, baita karga zientifikoan ere, ingeniaritza-taldeak sortutako beste osagai eta sistema batzuen artean.
IK4-TEKNIKERek eta SENERek, beraz, espazioko sateliteetarako estaldura adimendunak aurkeztu dituzte, eta ESAk baliozkotu ditu.
IK4-TEKNIKERek 30 urte daramatza PVD estaldurak garatzen. Bere ibilbidean, zentro teknologikoak sektore eta xede askotarako geruza meheak garatu ditu: ezarpen tribologikoetatik hasi, osagai mekanikoen marruskadura eta higadura murrizteko, eta gailu optoelektroniko konplexuetaraino iritsita (hala nola, leiho elektrokromikoak, zelula fotovoltaikoak edo eguzki-xurgatzaileak). IK4-TEKNIKERen estalduren laborategiak PVD sistema erdi-industrial ugari dauzka, merkatutik hurbil dauden irtenbideetara iristea eta bezeroen benetako osagaiak estaltzea ahalbidetzen dutenak.
Bestalde, SENER taldeak 50 urte baino gehiago daramatza osagaien eta sistema elektromekanikoen, nabigazio-sistemen (GNC/AOCS), komunikazio-sistemen eta espaziorako astronomia eta optikaren goi-mailako hornitzailea izaten, eta ESA eta NASA espazioko agentzien programa nagusietan (adibidez, Hubble, Galileo, Rosetta, Gaia, Herschel y Planck, IXV, Proba 3, BepiColombo, Euclid, Athena, LOP Gateway edo Mars 2020) eta ESO espazioaren behatoki europarrean parte hartzen du gaur egun. SENER taldea erreferentziazko hornitzailea da ESAren zientzia-programetan, ingeniaritzaren arloan egin dituen ekarpenei esker.