IK4-TEKNIKER, automobilgintzarako osagaien garbitasun-maila analizatzeko ENACek akreditatu duen Espainiako lehen erakundea
ENACek osagaien garbitasun-maila altuko exijentzia analizatzeko, Espainian akreditatu duen erakunde bakarra da zentro teknologikoa.
Osagaiak eta piezak garbitzeko IK4-TEKNIKERek duen zerbitzuak Egiaztatze Erakunde Nazionalaren (ENAC) akreditazioa jaso du indarrean dagoen araudia betetzeagatik. Hala, horrelako saiakuntzak egiteko Espainian akreditatua dagoen erakunde bakarra da zentro teknologikoa.
ENACek berretsi du IK4-TEKNIKERek betetzen dituela UNE-EN ISO/IEC 17025: 2005 arauan osagaien garbitasun-mailaren saiakuntzak egiteko ezarritako parametroak, zeinak, bestalde, aurreikusita baitaude fluido-zirkuituen osagaien garbitasunari buruzko nazioarteko araudian, ISO 16232: 2007 arauaren arabera.
Gainera, EAEko zentroaren zerbitzuaren saiakuntza-metodologia eta emaitzak adierazteko formatua bat datoz VDA-19 gidan ezarritakoarekin, automobilgintzako konpainien estandar espezifikoekin eta beste sektore batzuen beste estandar batzuekin —sektore aeroespaziala eta medikuntzaren edo elektronikaren sektorea, adibidez—.
IK4-TEKNIKERen zerbitzuaren bidez, eskakizun-maila handiko sistemetan (motorrak eta esekidura-, direkzio- eta elektronika-sistemak, adibidez) txertatzeko pieza eta osagaietako hondar-kutsadura analiza daiteke, hutsegiteak saihestu eta sistema horien bizitza baliagarria luzatzeko.
ENACen akreditazioa jaso duen saiakuntzak osagaietan dagoen kutsatzaile-kantitatea neurtzen du partikulen analisi grabimetrikoa sailkapena eta kontaketa automatikoa eginez.
IK4-TEKNIKERek, gainera, zerbitzua osatzeko, kutsatzaileak identifikatzen ditu teknologia eta tresna aurreratuak erabiliz; adibidez, ekorketa-mikroskopio elektronikoa (SEM-EDS) baliatuz, X izpien igorketaren espektroskopia erabiltzen du partikulen analisi kimikoa egiteko, eta X izpien fluoreszentzia, berriz, partikulak identifikatzeko.
Hala, partikula horien jatorria zein den jakiten laguntzen du -osagaien fabrikazio-, muntaketa, biltegiratze- edo paketatze-prozesua izan daiteke jatorria—, haiek ezabatzeko eta etorkizunean funtzionamendu-arazoak saihesteko.
“Osagaietan eta fluidoetan partikula kutsatzailerik baden behar bezala egiaztatzea ezinbestekoa da errendimendu fidagarriak lortzeko eta higadura murrizteko”, dio Jose Rodríguez, IK4-TEKNIKEReko Diagnostikoa eta Soluzio Teknologikoak Unitateko arduradun teknikoak.
Haren iritziz, IK4-TEKNIKERek lortu duen ENAC akreditazioak alternatiba bihurtzen du zentro teknologikoa beste herrialde batzuekiko —Alemania, esaterako—sektore garrantzitsu batzuetako enpresentzat, hala nola automobilgintzarako, non nahitaezkoa baita indarrean dagoen araudia betetzea.
Duela gutxi, zenbait parametro ezarri dira kalitatea eta segurtasuna kontrolatzeko; haien arabera, osagaiek ezin dute partikula kutsatzailerik eduki, eta araudi hori bete beharra oztopo bat da fabrikatzaileentzat industriako zenbait sektore eta merkatutan.