IK4-TEKNIKERek bere aurrerapen berriak aurkeztuko ditu Makina-erremintaren Biurteko Azokan
IK4-TEKNIKERek tamaina handiko makinetarako 4.0 Industriaren, laser teknologiaren eta auto-egiaztapenaren esparruetan garatu dituen azken aurrerapenak aurkeztuko ditu Makina-erremintaren Biurteko Azokaren (BIEMH) hurrengo edizioan, maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitarte, Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan.
Euskadiko IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa aditua da industria-sektorerako manufacturing eta fabrikazio aurreratuan, eta erreferentea da makina-erremintaren eta ekipo-ondasunen eremuan. Bada, presentzia nabarmena izango du Makina-erremintaren Espainiako Biurteko Azokaren (BIEMH) 30. edizioan, maiatzaren 28tik aurrera Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan.
Euskal zentroak erakustoki propioa izango du azokan, 1. pabilioian, C22 standean, eta hor aurkeztuko ditu makina-erremintaren sektorean egin dituen aurrerapen eta garapen teknologiko berriak.
4.0 Industria: adimendun makinetarako teknologia ahalbidetzaileak
Sektoreko euskal enpresen erronkei erantzuteko asmoz, eta 4.0 eremuetarantz aurrera egin dezaketen dagoeneko instalatutako makinetarako aplikazio adimendunen eta makina adimendun berrien garapena kontuan hartuta, IK4-TEKNIKERek berrikuntza-maila handiko teknologiak lantzen ditu, fabrikazio-ingurune digitalizatuak ahalbidetzen dituzten makina adimendunak fabrikatzera bideratuak. Horren ildotik, arlo hauetan garatu dituen soluzio zehatzak aurkeztuko ditu azokan: automatizazio malgua, makina-prozesuaren modelizatua eta simulazioa (makina birtuala), makinaren egoeraren ezagutza (Health assesment), prozesuaren optimizazioa, eta makina-parkearen kudeaketa (Fleet management).
Laserra fabrikazio aurreratuaren bektore gisa
Era berean, zentro teknologikoak laser-teknologien esparruan daukan eskaintza globala aurkeztuko du azokan. Izan ere, lan horren barruan garatu du Laser Manufacturing Lab, doikuntzaren, kalitatearen eta beste hainbat arloren inguruan eskakizun-maila handi duten sektoreen fabrikazio aurreratuko premia espezifikoak ebaztera bideratutako irtenbide osoak ematen dituen ekimena.
Proposamenak hainbat fabrikazio-prozesu hartzen ditu barnean: hala nola, ekipoen eta osagaien diseinua eta fabrikazioa, fabrikazio gehigarria, ikuskapena eta neurketa, eta laser-teknologiaren arloko aholkularitza eta prestakuntza.
Makina-erremintak automatikoki egiaztatzeko teknologia
IK4-TEKNIKERek azokan aurkeztuko duen hirugarren garapena patente propioa duen irtenbide bat (“Integrated multilateration for machine tool automatic verification”) izango da. Makina-erreminta baten geometria lan-bolumen osoan automatikoki egiaztatzea da irtenbidearen helburua, eta, horretarako, Tracker laser-sistema sartu du makinan bertan, tresna bat balitz bezala.
“Teknologia horren bitartez, lan-bolumen osoan eta une oro modu automatikoan 0,1 mm-tik beherako zehaztasuna bermatu behar duten makina-erreminta handien egiaztapen automatikoarekin lotutako premiei erantzun ahal izango diegu”, ziurtatu du Unai Mutilbak, IK4-TEKNIKERen Ikuskapen eta Neurketako Koordinatzaileak.
Erakustoki horren bitartez, IK4-TEKNIKERek BIEMH azokaren edizio honetako bi proposamen handiak bateratu ditu: Alde batetik, laserra bektore bereizle gisa fabrikazio aurreratuan, eta, bestetik, 4.0 makina 4.0 Industriaren esparruan.