IK4-TEKNIKERek parte hartuko du World Tribology Congress 2017an
Zentro teknologikoak parte hartuko du tribologiaren inguruko mundu-mailako biltzar ospetsuan, 2017ko irailean. Aldi berean, presentzia garrantzitsua izango du International Tribology Council kontseiluaren bileran.
Beijingen (Txinan) egingo da Tribologiaren inguruko Mundu Mailako Seigarren Biltzarra (World Tribology Congress, WCT), 2017ko irailaren 17tik 22ra bitartean. Biltzar horrek agerian jartzen du marruskadura-, lubrifikazio- eta higadura-printzipioetan oinarritutako sistemak ikertzen dituen zientzia horren garrantzia.
Txinako Tribologia Institutuak (CTIk) antolatu du biltzarra, eta tribologiaren inguruko hainbat alderditan duela gutxi egin diren aurrerapenak partekatzeko helburua dauka, bai eta akademiaren eta industriaren munduen arteko harremana indartzekoa ere.
Xede hori lortzeko, egitarau zabala antolatu da biltzarrerako. Besteren artean, gai hauek jorratuko dira: zientzia eta tribologia, higadura eta gainazalen ingeniaritza, lubrifikazioa eta lubrikatzaileak, biotribologia eta fabrikazioko biomimetika edo tribologia.
Zehazki, “Tribology, the materials characterization tool for energy efficient and durable products and process design” izenburua duen ponentzia aurkeztuko du biltzarrean IK4-TEKNIKEReko Amaya Igartua doktoreak. IK4-TEKNIKERek azken 36 urteetan lortu dituen emaitza tribologikoei buruzkoa izango da ponentzia, eta karakterizazio tribologikoko ekipoen garapenarekin eta materialen ikerketarekin (eraketa, topografia, gainazalen tratamenduak, lubrikatzaileak) zerikusia duten kasu arrakastatsuek emango diote babesa. Bestetik, akats-mekanismoa eta askotariko materialen marruskadura-simulazioa azpimarratuko ditu.
Antolatzaileek aurreikusi dutenez, 800 hitzalditik gora eta 200 poster-saio inguru izango dira biltzarrean.
International Tribology Council
Kongresuarekin batera, IK4-TEKNIKERek presentzia nabarmena edukiko du International Tribology Council kontseiluaren bileran. Finlandiako VTT Technical Research Centre-ko material aurreratuen ataleko Kenneth Holmberg irakaslea da kontseilu horretako burua, eta, idazkaritzan, Jost Institute-ko Ian Sherrignton-en laguntza dauka, zeina IK4-TEKNIKERen kide izan zen lubrifikazioari, mantentze-lanei eta tribologiari buruzko LUBMAT biltzarrean (zentro teknologikoak bi urterik behin antolatzen du LUBMAT biltzarra).
Informazio gehiago
Informazio gehiago izateko, sar zaitez WCT biltzarraren webgune ofizialera.