IK4-TEKNIKERek bost ponentzia aurkeztuko ditu Makina-Erremintari buruzko Biltzarrean

Data 21-10-2019 IK4-TEKNIKER Tags Biltzarrak .

Zentro teknologikoak presentzia nabarmena edukiko du biltzarraren 22. edizioan, zeina urriaren 23tik 25era bitartean egingo den, Donostian.

IK4-TEKNIKERek presentzia nabarmena edukiko du Fabrikazio Aurreratuari eta Makina-Erremintari buruzko Biltzarraren 22. edizioan. Bada, Advanced Manufacturing Technologies-ek (AFM) antolatu du biltzarra, eta urriaren 23tik 25era bitartean egingo da, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Donostian.

IK4-TEKNIKERek modu aktiboan hartzen du parte biltzar horretan, eta bost hitzaldi nabarmendurekin hartuko du parte oraingo edizioan. Zentro teknologikoko ikertzaileek beren berritasunak aurkeztuko dituzte, eta “fabrikazio aurreratuaren digitalizazioarekin” eta “fabrikazio gehigarria eta aerotrend-ekin” zerikusia daukaten askotariko alderdiak jorratuko dituzte, biltzarraren bi gai nagusietakoak baitira horiek.

Biltzarrean, gainera, Javier Arzamendi zentro teknologikoko teknologiako zuzendariordeak hartuko du parte, 17 urte baitaramatza biltzarraren batzorde zientifiko teknikoan. Aurten, “Makina-erreminta eta bere osagaiak” izeneko saioa gidatuko du, urriaren 24an.

Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko du biltzarra, eta bi atal izango ditu: bata dibulgaziokoa izango da, eta bestea zientifiko-teknikoa izango da, eta ikus-entzule espezializatu bati zuzenduta egongo da. Bada, foro horretantxe hartuko dute hitza IK4-TEKNIKEReko adituek.

Produktibitate handiko laser bidezko mikrozulaketarako makina

“Produktibitate handiko laser bidezko mikrozulaketarako makinaren diseinua, sektore aeronautikorako” izenekoa izango da ponentzia garrantzitsuenetako bat, horren bidez aurkeztuko baita Hyperdrill makinaren garapena: laser bidezko teknologian oinarritutako makina da, eta hegazkinen isats-egonkorgailuetan kokatzen diren neurri handiko panel mikrozulatuak fabrikatzeko balio du. Makina, zeina Bremer Institut Fur Angewandte Strahltechnik (BIAS) zentro teknologiko alemanarekin eta Aernnova enpresarekin elkarlanean garatu den, 5000 x 2000 x 0.8 mm-rainoko titaniozko panelak prozesatzeko prest dago, eta 300 zulo baino gehiago egin ahalko ditu segunduko. Espero denaren arabera, industria-ingurune batean baliozkotu eta probatuko da. Makinak HLFC (Hybrid Laminar Flow Control) motako egiturak fabrikatzen lagunduko du, eta, ondorioz, baita hegazkinaren erregai-kontsumoa murrizten lagunduko ere. Ponentzia hau urriaren 24an jorratuko da, "fabrikazio aurreratua eta aerotrends" atalean.

Fabrikazio gehigarria

IK4-TEKNIKERek fabrikazio gehigarriari buruzko bi ponentzia aurkeztuko ditu. Lehenengoa, «Kamera infragorriaren bidezko monitorizazio eta kontrol termikoa, laser bidezko euskarri-teknikarekin (LMD) egindako piezen fabrikazioan» izenekoa, “fabrikazioaren digitalizazioari” buruzko atalean aurkeztuko da, urriaren 23an. LMD jalkitze-prozesuan sortutako piezen gainazalaren bilakaera eta banaketa termikoa monitorizatzeko kamera termiko infragorri bat erabiltzeari buruzkoa izango da ponentzia.

Lan garrantzitsua da egindakoa; izan ere, osagaiak geruzaz geruza 3Dn fabrikatzeko eskatzen diren egonkortasuna eta homogeneotasuna edukitzeko, ager litezkeen ezegonkortasunak konpentsatu behar dira, prozesuaren parametroak egokituta.

Bigarrenean, “Hariaren eta hauts ardazkidearen bidezko laser-prozesuaren ikerketa konparatiboa, Ti-6Al-4V izeneko egituren fabrikazioan” izenekoan, hariaren eta hauts ardazkidearen bidezko prozesuak alderatuko dira, mikroegiturazko kalitatearen, kalitate geometrikoaren, ekarpen-tasen eta sektore aeronautikorako titaniozko egitura berbera fabrikatzeko eraginkortasunaren arloan. Ponentzia hau hilaren 24an aurkeztuko da, «fabrikazio aurreratua eta aerotrend-ei» bideratutako saioan.

Zehaztapen-sistemak

Hilaren 23an, zehaztapen-sistemei buruzko bi ponentzia aurkeztuko dira. “Makina-erremintetan egiaztapen-prozesua eta konpentsazio bolumetrikoa integratzea eta automatizatzea” izeneko ponentzian, makina-erremintan integratutako egiaztapen bolumetriko automatikoa aurkeztuko da, zeinak gaur egungo prozeduren mugak gainditzen dituen, neurketa-sistema bakarra erabiltzen duelako.

Azken ponentziak, “Tornu horizontalen akats termikoak konpentsatzeko sistema” izenekoak, lan baten emaitzak erakutsiko ditu. Lan horretan, torneaketa-makinen kokalekuaren zehaztapena areagotzea izan da xedea, eta, horri begira, fabrikatzeko bitarteko zehatzagoak eta denboran egonkorragoak diren prozesuak garatu dira. Proiektuaren beste xedeetako bat, berriz, makinan integratutako prestazioak lortzea izan da.

PDF deskarga