IK4-TEKNIKERek eta Kantabriako Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Data 28-03-2018 IK4-TEKNIKER

Zentro teknologikoak eta unibertsitateak hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, hainbat arlo zientifiko-teknikotan ezagutza sortzen jarraitzeko.

Ikerketa zientifikoaren eremuan erreferentziazkoak diren erakundeak elkarlanean aritzea giltzarria da balio erantsi handia duten proiektuak garatu daitezen, ezagutza teknikoa sor dadin eta teknologia enpresa-ehundurara transferitu dadin.

Eremu akademikoaren eta ikerketa-erakundeen arteko loturak indartze aldera, IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak eta Kantabriako Unibertsitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, eta, horri esker, baterako proiektuak garatu ahalko dituzte I+G+b-ren eremuan; beste adar zientifiko batzuen artean, optikaren eta fotonikaren arloan.

Hitzarmena mugagabea da, eta gaur goizean sinatu dute, zentro teknologikoak Eibarren duen egoitzan, Alejandro Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak eta Javier León Serrano Kantabriako Unibertsitateko Ikerketa eta Ezagutzaren Transferentziako errektoreordeak. Ángel Pazos Carro Kantabriako Unibertsitateko errektorea ordezkatu du azken horrek, unibertsitateko ordezkari goren gisa jardunez.

Hitzarmenak hainbat diziplina hartzen ditu, baina Kantabriako Unibertsitateko Fisika Aplikatuko Departamentuko optikaren taldean zentratuko da batez ere.

Baterako proiektuak egiteaz gain, IK4-TEKNIKEReko ikertzaileak Kantabriako Unibertsitateak antolatzen dituen graduondokoetan eta bigarren zikloko beste titulazio batzuetan lankidetzan aritzea erraztuko du aliantzak; adibidez, Argiaren Zientzia eta Ingeniaritza Unibertsitate Masterrean aritu ahalko dira, zeina datorren urtean abiaraziko den.

Era berean, bi aldeek hartu dute ikasleei mintegiak eskaintzeko, bisita gidatuak antolatzeko, master-amaierako proiektuetan tutore-lanetan aritzeko eta ikasleei IK4-TEKNIKERen hiru edo lau hilabeteko egonaldiak eskaintzeko konpromisoa.

Bi erakundeen artean 2002tik dagoen lankidetza-harremana formalizatu du akordioak. Hainbat mekanismoren bidez gauzatu da lankidetza-harreman hori; hala nola, doktoretza-tesiak garatuz edo ikerketa-proiektuak elkarrekin eginez.

Zehazki, SENTIR ekimenean parte hartzen ari dira Kantabriako Unibertsitatea eta IK4-TEKNIKER. Proiektu horren bidez, tumorearen metastasia goiz hautematea bilatzen da, bai eta aurretik diagnostikatu diren pazienteen jarraipena hobetzea ere. Odolean biomarkatzaileak hautemanez jorratzen da xedea, biosentsore berritzaileak garatuz.