IK4-TEKNIKERek gailu berri bat garatu du angelu-neurrietarako sistemak kalibratzeko
Gailu berriak aurrerapen nabarmenak ekarri dizkie hainbat sektoreri; hala nola, industriari, makina-erremintari, automobilgintzari, zehaztapen-ingeniaritzari edo eremu zientifikoari.
Jarduera zientifikoa eta industriala gauzatzeko oinarrizko alderdia da metrologia. Horregatik, industria-ehundurak neurketak egiteko tresna zorrotzak behar ditu gaur egun, teknologia berritzaileen garapenean aurrera egin ahal izateko. Zehazki, ezinbestekoa da zehaztapen oso handiko ekipoen angelu-kalibrazioari zuzendutako ekipoen eta prozeduren lorpenean ikertzea.
Erronka horren aurrean irtenbideak emateko, zehaztapen handiko angelu txikiak sortzeko gailu berria garatu du IK4-TEKNIKERek, eta aurrerapen nabarmenak ekarri dizkie hainbat sektoreri; hala nola, industriari, makina-erremintari, automobilgintzari, zehaztapen-ingeniaritzari edo eremu zientifikoari.
“EMRP SIB58 Angles” europar proiektuaren esparruan garatu da gailu berri hori. 2013an hasi zen aipatu proiektua, espazio komun bat sortzeko xedez. Bertan, sektorerako irtenbide berritzaileetan bat egiten duten ezagutzak partekatu dituzte metrologiaren eremuko hainbat erakundek.
Euskal zentro teknologikoak garatu duen angelu-sorgailuak, batetik, angeluaren jarrera zehaztasun handiz ezagutzea ahalbidetzen du, neurtzeko zenbait sistema optiko baitaramatza sartuta. Eta, bestetik, beste ekipo batzuek xede berberarekin erabiltzen dituzten beso-mekanismoak ordezkatzen dituzten mekanismo malguak dauzka sistemak, horren neurria nabarmen murriztuz eta eramangarritasuna erraztuz horrela, in situ egin ahal izateko kalibrazio oso zehatzak.
Espainiako Metrologiako Zentroa (CEM) karakterizazio-prozesua egiten ari da ekipoan, dituen prestazio zorrotzak direla-eta.
IK4-TEKNIKER, “EMRP SIB58 Angles” proiektu europarreko protagonista gailena
IK4-TEKNIKERek angelu txikien sorgailua garatu du, “EMRP SIB58 Angles” proiektu europarraren barruan. Gailuaren xedea da angelu lauaren NZ (Nazioarteko Sistema) unitatearen trazabilitatea eta hedapena bermatzea egon daitezkeen eskari-maila guztietan (partikulen azeleragailuetan eta elektroi librezko laserren instalazioetan egindako goi-mailako lanetik hasi eta ezarpen industrialetaraino).
Euskal zentro teknologikoarekin batera, nazioarteko hainbat erakundek hartu dute parte europar proiektu horretan; besteak beste, Espainiako Metrologia Zentroak (CEM), Physikalisch-Technische Bundesanstalt-ek (PTB), Fagorrek, Ume-Tubitak-ek, Czech Metrology Institute-k (CMI), Helmholtz Zentrum Berlinek (HZB), Möller-Wedel Optical International-ek (MWO), Mikes/VTTk, Instituto Nazionale di Ricerca Metrologica-k (INRIM) edo LNE frantziarrak.
Zehaztasun handiko angeluen aipatu sorgailua garatzeaz gain, ziurgabetasun oso gutxiko (segundoko, 0,5 arc-etik beherako) auto-kolimatzaile eta kodetzaile angeluarren kalibraziorako prozedura eta ekipo berriak bilatzeari egon da zuzenduta proiektua.
Elkarrekin egindako lanak, era berean, beste arlo batzuetan ikertzeko balio izan du; horien artean, formen neurketa, eskala luzeko neurketa edo ezarpen industrialak daude.
Gero eta ohikoagoak dira angelu-neurketarako sistemekin hornitutako tresnak, eta agerian jartzen dute angelu-metrologiaren eremuan eta ekipoen kalibrazioan berrikuntzak egiteko beharra.
Hortaz, fabrikatzaileek, gaitasun berri horiekin, ekipoen prestazioak nabarmen hobetzea espero da, horrela, ekipo zehatzagoak eskaini ahal izan ditzaten.