IK4-TEKNIKERek guztizko diru-sarrerak eta enpresekiko fakturazioa finkatu ditu 2018an
IK4-TEKNIKER Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) burualdean kokatu da, Eusko Jaurlaritzak ezarritako parametroen %96,67 bete baititu
IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak 25,6 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen iaz (2018ko behin-behineko itxiera da hori), ikerketa-jarduera nahiz enpresa pribatuetarako transferentzia-jarduera finkatuz. Hala, euskal administrazioek (%27), Europako administrazioak (%22) eta beste erakunde batzuek (hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo Estatuko Administrazio Orokorrak) (%2) sustatutako programa lehiakorretan eta bestelako ekimenetan ezagutza zientifiko eta teknologikoa sortzetik dator diru-sarrera horien zati bat, eta enpresetara transferentzia teknologikoa (proiektuak, lizentziak eta patenteak) egitetik dator beste zati bat: I+G+b jardueraren %49 hartzen du transferentzia horrek.
Zenbaki horiek, beste adierazle batzuekin batera (besteak beste, ikerketa-bikaintasuna, merkaturako transferentzia edo beste agenteekiko lankidetza), ikerketa aplikatuko erreferente bihurtzen dute IK4-TEKNIKER Euskadin. Are, Eusko Jaurlaritzaren urteko azken txostenaren arabera, zentroa buru da, ezarrita dauden irizpideekin Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea (ZTBES) osatzen duten agenteak baloratzeari dagokionez.
Zehazki, gobernuak EMAITEK Plus programan aurreikusitako adierazleen %96,67 bete zituen IK4-TEKNIKERek iaz; hau da, aurreko ekitaldian izandako emaitzak baino hiru puntu gehiago lortu ditu 2018an, eta zentro teknologikoek eskuratu dituzten gehieneko balioetan kokatzen du horrek zentroa.
Datuok zentro teknologikoaren kokalekua eta finkapena indartu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren bikaintasun-adierazleei dagokienez, Europan izandako emaitza bikainekin (non Europako ikerketa-zentro bikainekin lehiatzen den) eta Euskadiko enpresak IK4-TEKNIKERekin lankidetzan produktu eta zerbitzu berritzaileenak garatzeko egin duen etengabeko apustuarekin batera.
Xedeak gainditzen dituzten emaitzak
Zentroak gainditu egin du 2018rako ezarrita zegoen jomuga, txosteneko 20 adierazletatik 17 bete ditu-eta, eta, ebaluatu diren 11 parametroetan, bere egoera hobea izan da euskal zentro teknologikoen batezbestekoa baino. Parametro horien artean, enpresa-fakturazioan izandako inpaktuaren adierazlea nabarmentzen da. Adierazle horren bidez, zentro teknologikoarekin egindako jarduerak enpresa bezeroaren beraren fakturazioan izan duen inpaktua neurtzen da; hau da, jarduera hori IK4-TEKNIKERekin egin izan ez balu, ez zatekeen fakturazio-maila horietara iritsiko. IK4-TEKNIKERek lortu ditu adierazle horren balio altuenak, zentroen multzoari dagokionez.
Patenteak eskatzeko eremuan, zehaztutako jomuga bete zuen IK4-TEKNIKERek, eta batezbestekoaren gainetik jarri zen. Bitartean, agenteen arteko lankidetzei buruzko atalean, UPV/EHUrekin egindako aliantzak gailendu ziren iaz, eta, era berean, ekitaldi horretarako ezarritako jomuga gainditu zuten.
Gainera, erakundea xedeen gainetik eta zentro teknologikoen batezbestekoaren gainetik kokatu zen, bai Europako inguruneetan, bai euskal enpresak esfera europarrera eramateko mailan. IK4-TEKNIKERek bultzatzen ditu nazioarteko proiektuetan ikerketa-erakundeekin eta zentro teknologikoekin batera parte hartzen duten enpresen .
"Iazko emaitzak, maila kuantitatiboan nahiz kualitatiboan, oso onak izan dira, erreferentziazko zentro teknologiko gisa sendotzen baikaituzte Euskadin. Eta oso pozgarria da Eusko Jaurlaritzak eta herri honetako enpresa-ehundurak ere hala baloratzea, gure jarduera guzti-guztietan saiatzen baikara gure herriari balioa eransten", adierazi du Alex Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak.