IK4-TEKNIKERek hiru ponentzia teknikorekin hartuko du parte Basque Industry 4.0 biltzarrean
IK4-TEKNIKERek nekazaritzako elikagaien sektoreari aplikatutako IoT teknologiei, ekipamendua doitzeko biki digitalei eta sektore aeronautikorako fabrikazio gehigarriari buruzko hiru ponentziarekin hartuko du parte.
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak protagonismo nabarmena edukiko du Basque Industry 4.0-The meeting point 2019 biltzarraren seigarren edizioan. Biltzarra 4.0 Industrian eta zibersegurtasunean egindako aurrerapenak jorratzeko antolatzen den ekitaldi handiena da Euskadin, eta, aurten, Barakaldoko BECen egingo da, azaroaren 20an eta 21ean.
IK4-TEKNIKERek ekimen horren edizio guztietan hartu du parte, eta, aurten, bere expertise-aren berri emango du, IoT teknologiei, biki digitalei eta fabrikazio gehigarriari buruzko hiru ponentziaren bidez. Halaber, elkarlaneko robotika mugikorraren arloan dituen kapazitateak aurkeztuko ditu, osagai aeronautiko jakin batzuen inspekzioa hobetzeko asmoz ultrasoinuak erabiltzen dituen erakusgai batekin.
Aitor Arnaiz IK4-TEKNIKERen Informazio Sistema Adimendunen arduradunak ere parte hartuko du biltzarrean, “Nekazaritzako industrian datuak kudeatzeko eta negozioa hobetzeko arkitekturak eta teknologiak” izeneko ponentziarekin. Bertan, sektore hori optimizatzera bideratuta dauden IoT arkitekturen aplikazio praktikoen berri emango du.
Arnaizek, bada, teknologia digital berriek nekazaritzako elikagaien industriaren produktibitatea nola hobetu dezaketen, baliabideen erabileran eraginkortasuna nola areagotu dezaketen eta amaierako produktuaren kalitatea nola hobetu dezaketen azalduko du. Zehazki, abereak hazteko prozesuaren analisian, produktibitatearen igoeran, animalien ongizatearen hobekuntzan eta, azken batean, amaierako kontsumitzailearengan sortzen den konfiantzan zentratutako da.
Bestalde, Ion Iturbe ikertzailearen ponentzian, “Sistemen garapenean eta doikuntzan simulazioa egiteko ereduak - Virtual Commissioning” izenekoan, zentro teknologikoak ekipamenduak birtualki doitzeko dituen kapazitateak azpimarratuko ditu. Bada, ekipoa kontrolatzeko softwarea eduki aurretik softwarea bera probatzeko orduan eredu birtualak erabiltzeak dauzkan abantailak azalduko ditu, eraginkortasunari dagokionez (ekipoa birtualki konektatzen eta doitzen da); izan ere, horrela, probak proiektuaren fase goiztiarragoetan egiten dira, eta aurretiaz hauteman daitezke erroreak.
Azkenik, Carlos Soriano ikertzaileak “Metalezko hari-ekarpenean oinarritutako LMD teknikaren bidezko egituren fabrikazio gehigarria” izeneko ponentziarekin hartuko du hitza. Dimentsio handiko egiturak Laser Metal deposition (LMD) teknikaren bidez fabrikatzeko orduan hautsaren ordez metalezko haria erabiltzeak dauzkan abantailak azalduko ditu; izan ere, hariaren bidez, gaineratutako materialaren ia 0 integratzen da egitura berrian.
IK4-TEKNIKERek sektore horretan egin duen lanari esker, zentro teknologikoa erreferente bihurtu da fabrikazio gehigarriaren arloan, materiala zuzenean eransteko teknologiak garatu eta dimentsio handiko egiturak oinarrizko hainbat aleaziorekin fabrikatzeko irtenbideak diseinatu baititu; bereziki, eskakizun handiko sektoreetarako (hala nola, sektore aeronautikorako).
Elkarlaneko robotika mugikorra, aeronautikako inspekzio-lanetarako
Sorianok, osagai aeronautikoen fabrikazioari buruz aurkeztuko duen ponentzia osatzeko, sektore aeronautikoko piezak (adibidez, aleroiak) ultrasoinuen bidez ikuskatzeko inspekzioan aplikatutako elkarlaneko robotika mugikorraren erakusgai bat aurkeztuko du biltzarreko erakusketa-gunean. Irtenbide horri esker, robotak eta teknikariak elkarrekin jardun ahalko dute; izan ere, aldi berean egin ahalko dituzte lanak, eta, are, robotak eskulanak egiten lagundu dezake. Robotak indarraren kontrola eta ikuspen artifiziala erabiltzen ditu ikuskatu beharreko gainazalaren gainean ultrasoinuen sentsoreak jartzeko prozesuan.
Proiektuak, beraz, industria aeronautikoko piezak ikuskatzeko prozesu zorrotz eta garestien efizientzia eta industria aeronautikoaren kalitatearen kontrola hobetzen ditu.
Basque Digital Innovation Hub
IK4-TEKNIKER Basque Digital Innovation Hub (BDIH) sarearen parte da, eta protagonismo nabarmena edukiko du haren standean. Fabrikazio aurreratuko aktiboen eta zerbitzuen sare konektatu horrek, bada, 4.0 Industriaren erronkei aurre egiteko behar diren kapazitate teknologikoak eskaintzen dizkie enpresa industrialei; bereziki, ETE-ei. IK4-TEKNIKERek, zeinak modu aktiboan hartzen duen parte fabrikazio gehigarriaren, robotika malguaren, makina adimendun eta konektatuen eta material aurreratuen nodoetan, Laser Metal Deposition (LMD) teknikaren bidez fabrikatutako pieza bat aurkeztuko du standean, baita eguzkiaren beroa ustiatzen duten kontzentrazioko instalazioetan erabiltzen diren tutuei aplikatutako estaldura funtzional xurgatzaile bat ere.
IK4-TEKNIKERek beste 2.100 enpresa industrialekin, zentro teknologikorekin, startup-ekin eta ekintzailetzaren ekosistema osatzen duten agente ugarirekin batera hartuko du parte Basque Industry 4.0 biltzarrean. Hala, hainbat herrialdetako ehun bat hizlarik hartuko dute hitza biltzarrean, eta 4. Industria Iraultza osatzen duten elementuen inguruan mintzatuko dira: zibersegurtasuna, ekoizpen-bitartekoei eta sistemei aplikaturiko adimena, gorabidean dauden kapazitate eta teknologien aprobetxamendua, zerbitzu eta material aurreratuak balio erantsi handiagoko irtenbideetan integratzea eta baliabideen eraginkortasuna eta jasangarritasuna.