IK4-TEKNIKERek parte hartuko du CIM 2017n

Data 12-09-2017 IK4-TEKNIKER Tags Biltzarrak .

Zehaztasun handiko angelu txikiak eratzeko gailu berri bat aurkeztuko du IK4-TEKNIKERek CIM 2017n.

IK4-TEKNIKERek parte hartuko du Metrologiaren Nazioarteko Biltzarraren 18. edizioan (18º Congrés International de Métrologie), CIM 2017 delakoan. Parisen izango da, Frantzian, irailaren 19tik 21era.

IK4-TEKNIKERek gailu berri bat garatu du angelu-neurrietarako sistemak kalibratzeko, eta EURAMET (European Association of National Metrology Institutes) standean aurkeztuko du.

Gailuak, LRSAG (Large range small angle generator) izena duenak, batetik, angeluaren jarrera zehaztasun handiz ezagutzea ahalbidetzen du, neurtzeko zenbait sistema optiko baitaramatza sartuta. Eta, bestetik, beste ekipo batzuek xede berberarekin erabiltzen dituzten beso-mekanismoak ordezkatzen dituzten mekanismo malguak dauzka sistemak, horren neurria nabarmen murriztuz eta eramangarritasuna erraztuz horrela, in situ egin ahal izateko kalibrazio oso zehatzak.

IK4-TEKNIKERek angelu txikien sorgailua garatu du, CEM eta FAGOR AUTOMATIONekin elkarlanean, “EMRP SIB58 Angles” proiektu europarraren barruan. Gailuaren xedea da angelu lauaren NZ (Nazioarteko Sistema) unitatearen trazabilitatea eta hedapena bermatzea egon daitezkeen eskari-maila guztietan (partikulen azeleragailuetan eta elektroi librezko laserren instalazioetan egindako goi-mailako lanetik hasi eta ezarpen industrialetaraino).

Biltzarra

2017an 18. edizioa egingo du biltzarrak, eta zientziaren nahiz industriaren eremuko jendea bilduko du, neurketaren arloan dauden erronka industrialak partekatzeko.

Biltzarraren egitarauak hitzaldiak, mahai-inguruak eta erakusketa-gunea hartuko ditu, eta metrologiaren inguruko azken garapenak erakutsiko dira erakusketa-gune horretan.

Informazio gehiago

Informazio gehiago izateko, sar zaitez CIM 2017 biltzarraren webgune ofizialera.