IK4-TEKNIKERek parte hartuko du "IoT: Mundu interkonektatu baten onurak eta erronkak" jardunaldian
Jardunaldian, sentsoreak garatzen, IoT plataformak integratzen eta zabaltzen eta askotariko sektore eta enpresetarako aplikazioak eta zerbitzuak sortzen duen eskarmentua erantsiko du zentro teknologikoak.
Gaur egun, ikaragarria da zenbat gailuk funtzionatzen duten elkarri konektatuta: trafikoa, energia edo kutsadura kudeatzeko sentsoreetatik hasi eta industria-inguruneko makinetara edo norberak erabiltzeko wearable teknologietaraino.
IoT (Internet of Things) ezarrita, denbora errealean eskuratzen da urrutiko kontrola errazteko, trazabilitatea hobetzeko, eragiketak automatizatzeko, ezagutza igarle garrantzitsua pilatzeko, erabakiak hartzen laguntzeko eta prozesuak nahiz baliabideak optimizatzeko informazioa.
Eraldaketa digitalari esker, enpresek kostuak murriztu, ekoizpenaren errendimendua hobetu eta zerbitzu hobea eman dezakete, eta lehiakorragoak izan.
Testuinguru horretan, SPRI Euskadiko enpresa-garapenerako agentziak jardunaldi hau antolatu du maiatzaren 15erako: "IoT: Mundu interkonektatu baten onurak eta erronkak". Bertan, gero eta interkonektatuago dauden enpresa-inguruneetan Gauzen Internet (Internet of Things - IoT-) txertatzeak duen garrantzia jorratuko da.
Bada, IK4-TEKNIKERek parte hartuko du jardunaldian, "Teknologia heterogeneoetan oinarritutako sentsorika aurreratua IoT ekosistemarako garatzeko erronka" izeneko ponentziarekin. Hala, IoT-k askotariko profilak dauzkaten enpresei beren ingurunean, prozesuetan edo produktuetan sentsore berriak txertatzeko ematen dien aukeraz jardungo du zentro teknologikoak, denbora errealean informazio giltzarria atera baitaiteke horien bidez; halaber, horrek guzti horrek ekar ditzakeen onurez eta hobekuntzez mintzatuko da.
Zehazki, IoT-rako sentsore berriak garatzearekin edo sortzearekin zerikusia duten prozesuak eta erronkak aztertuko dira ponentziaren bidez, bai askotariko teknologiak eta neurketa-printzipio konplexuak integratzeko premia geroz eta handiagoa dutelako, bai enpresek sentsoreak txertatzeak edo merkaturatzeak paradigma-aldaketa egitea dakarrelako.
Bada, adimendun sentsore heterogeneoak sortzen eta garatzen, IoT plataformak integratzen eta zabaltzen eta askotariko sektore eta enpresetarako aplikazioak eta zerbitzuak sortzen dituen eskarmentua eta ezagutza erantsiko ditu zentro teknologikoak.
Jardunaldiari buruz
Jardunaldian, IoT-n oinarritutako garapen berriak aztertuko dituzte aditu batzuek, giltzarriak baitira horiek enpresetarako. Zehazki, eta besteren artean, gai hauek jorratuko dira: energy harvesting, IIoT (Industrial Internet of Things) eta datu-ustiapena eta IoT inguruneetako zibersegurtasuna.
Informazio gehiago
Informazio gehiago izateko eta izena emateko, sar zaitez jardunaldiaren webgunera.