IK4-TEKNIKERek XV. Zientzia Astean parte hartuko du

Data 30-10-2015 IK4-TEKNIKER

IK4-TEKNIKERek EHUren elektronika aplikatuko standean parte hartuko du zentro teknologikoan garatutako hiru erakuslerekin.

IK4-TEKNIKERek Zientzia Astean parte hartuko du, EHUk antolatzen duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XV. Astean. Azaroaren 4tik 8ra bitartean izango da, Bizkaia Aretoan, Bilbon.

Zientzia Astea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea da, eta mundu zientifiko eta teknologikoari buruz jakin-mina duten guztiek alor horietako profesionalekin zientzia ikusteko, entzuteko eta sentitzeko eta zientziaz hitz egiteko aukera izan dezaten antolatzen da.

Bizkaia Aretoan 19 stand egongo dira, eta 20 jarduera inguru egingo dira —tailerrak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta txangoak, besteak beste—, hainbat gairi buruzkoak: biologia, fisika, ingeniaritza, kimika, robotika, matematika, telekomunikazioak, etab.

IK4-TEKNIKERek EHUren elektronika aplikatuko standean parte hartuko du zentro teknologikoan garatutako hiru erakuslerekin:

Koagulumetro eramangarria

Ekipo elektromediko bat da, Point of Care modukoa, koagulazioaren aurkako ahoko terapia (Sintrom, adibidez) hartzen duten pazienteen koagulazio-indizea monitorizatzen duena. IK4-TEKNIKERek hainbat alorretan duen ezagutza —hala nola fotonikan, ikusmen artifizialean, seinaleen tratamenduan, algoritmikan edo HW eta SW komunikazioetan— eta haien guztien integrazioan duena baliatu ditu soluzio hori eraikitzeko.

Olioaren degradazioa neurtzeko sentsoreak

Ekipo industrial handietan (aerosorgailuak, gas-turbinak, etab.) erabiltzen diren lubrifikatzaileen egoera modu autonomoan, fidagarrian eta urrunetik, sarean, monitorizatzeko irtenbide bat ematen dute sentsore hauek.

IK4-TEKNIKERek hainbat teknologia integratu ditu produktu horiek garatzeko (fotonika, fluidika, mikromekanika, kimiometria, elektronika, etab.), eta, hala, merkatuak doitasunari, fidagarritasunari, tamainari eta kostuari dagokionez, dituen itxaropenak betetzeko.

Puntu-hodeien robota

Sistema trinko, autonomo eta ekonomiko bat da, IK4-TEKNIKERen garatutakoa, ingurunea 3Dko puntu-hodei gisa monitorizatzeko. Puntu-hodeiek aplikazio ugari dituzte, hala nola pieza fabrikatuen hiru dimentsioko ereduak egitea, metrologian kalitatea ikuskatzea eta bistaratzearen, animazioaren eta testurizazioaren alorreko beste aplikazio batzuk.

IKTak IK4-TEKNIKERen