iLine Microsystems oinarri teknologikoko enpresa, IK4-TEKNIKERen erakunde kolaboratzaile berria
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoari iLine Microsystems enpresa batu zaio erakunde kolaboratzaile gisa, balio erantsi handiko proiektuak elkarrekin garatzeko. Zentro teknologikoak fotonikan, ikusmen artifizialean, seinaleen tratamenduan eta algoritmikan duen ezagutza jarriko du.
Gipuzkoako iLine Microsystems enpresa in-vitro diagnostikorako sistemen garapenean eta fabrikazioan espezializatuta dago, eta enpresa kolaboratzaile gisa batu zaio IK4-TEKNIKER zentro teknologikoari, bi erakundeen ezagutza batu eta produktu eta zerbitzu berritzaileen garapenean aurrera egiteko.
Lankidetza-hitzarmenak indartu egin du lehendik ere bi erakundeak elkartzen zituen lotura teknologikoa. Lotura hori, osagarritasunean oinarritua, iLine Microsystemsi bere produktuen diseinua eta garapena amaitzeko IK4-TEKNIKERek eskaini dion laguntzan gauzatzen zen.
Aliantza honen helburua da estrategia teknologikoak elkarrekin garatzea, lankidetza-proiektuak sustatzea, eta balio erantsi handiko produktu berritzaileen diseinuan aurrera egitea.
iLine Microsystems Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dago, Miramonen, eta koagulazioaren aurkako ahotiko terapia kontrolatzeko Point-of-Care in-vitrodiagnostikorako gailuak, berritzaileak eta fidagarritasun handikoak, egiten ditu.
Gailuok balio erantsi handiko teknologiak erabiltzen dituzte, eta nazioarteko merkatuetan lehiatzen dira; erabilerrazak dira, bai autodiagnostikorako, bai erabilera profesionalerako.
"iLine Microsystemsek garatzen dituen produktuen bereizgarritasunaren oinarria berrikuntza, ezagutza teknikoa eta merkatuaren beharren ezagutza dira", adierazi du enpresako zuzendari teknologiko Xabier Hernándezek.
Zehazki, iLine Microsystemsek erreakzio biokimikoa diseinatu eta analizatu beharreko fluidoa aztertzeko oinarri fisiko-biokimikoa ezartzen du. IK4-TEKNIKERek, berriz, ikuskapen-sistemaren diseinuan dihardu, prototipatze-fase batzuen bidez, non soluzioak Donostiako enpresako ikertzaileen beharretara doitzen diren.
IK4-TEKNIKERek iLine Microsystemsi egiten dizkion ekarpen nagusietan nabarmentzekoa da zentro teknologikoak fotonikan, ikusmen artifizialean, seinaleen tratamenduan eta algoritmikan duen ezagutza handia.
Gainera, zentro teknologikoarekiko lankidetza iLine Microsystemsen produktuen egiaztapen-, baliozkotze- eta egiaztatze-faseetara eta saldu osteko zerbitzura ere zabaltzen da.
Bi erakundeek sinatutako hitzarmenari esker, IK4-TEKNIKERek enpresa kolaboratzaileentzat duen onura-programan sar daiteke iLine Microsystems. Programa horrek eragileen arteko harreman estrategikoa sustatzen du, eta aukera ematen du lankidetza-harreman iraunkor bat lortzeko I+G+Ban.
iLine Microsystems IK4-TEKNIKERen erakunde kolaboratzaileen taldera biltzea zentroak beste enpresa batzuekin egin dituen antzeko aliantzen testuinguruan kokatzen da. iLine Microsystems sartuta, jada 21 dira zentro teknologikoaren erakunde kolaboratzaileak.