Industriarako argia
IK4-TEKNIKERek eta EHUk “Fotonika industrian: negozioak argiztatzeko giltzarri teknologikoak” jardunaldia antolatu dute. Argiaren teknologiarekin lotuta zenbait sektoretako —esaterako, osasuna, industria eta elikadura— aplikazioak eta arrakasta-kasuak azalduko dituzte.
Fotonikak —argi-partikulak detektatzen, kontrolatzen eta sortzen dituen teknologiak— eskaintzen dituen aukera industrialak izango dira eztabaidagai abenduaren 2an, Bilbon. IK4-TEKNIKERek eta EHUk “Fotonika industrian: negozioak argiztatzeko giltzarri teknologikoak” jardunaldia egingo dute Bilboko Bizkaia Aretoan.
Bi erakundeetako adituek eta Alemaniako Fraunhofer IPMS zentro ospetsuko, Materialen Fisikako Zentroko (CSICen eta EHUren erakunde mistoa) eta SECPhO-ko (Southern European Cluster in Photonics & Optics, Europako Hegoaldeko Optika eta Fotonika Klusterra) beste aditu batzuek diziplina horrek industriaren alorrean dituen aplikazioetan sakonduko dute, eta zenbait sektoretako arrakasta-kasuak aurkeztuko dituzte.
Jardunaldi hori UPV/EHU gelaren eta IK4-TEKNIKERen lankidetza-hitzarmenaren parte da, eta argiak bizitzarako, giza ongizaterako eta zientziaren eta teknologiaren garapenerako duen garrantzia azpimarratzeko Nazio Batuek izendatu duten Argiaren eta Argian oinarritutako Teknologien Nazioarteko urtearen barruan egingo da.
Egitaraua
Jardunaldia hasteko,EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak eta IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusi Alejandro Bengoak ongietorria emango dute. Ongietorriaren ondoren, Fraunhofer IPMS zentroko Heinrich Grueger-ek eta Materialen Fisikako Zentroko (CSIC-EHU) Javier Aizpuruak hitz egingo dute.
Ondoren, aplikazio eta esperientzia konkretuei buruzko atal bat izango da, eta IK4-TEKNIKEReko eta EHUko adituek zenbait kasu arrakastatsu azalduko dituzte, adibidez: osasungintzako diagnostikoaren alorrean biosentsore fotonikoak erabiltzea; makroprozesu eta mikroprozesuetako material-prozesaketan laserra erabiltzea; fluidoak linean monitorizatzeko soluzioak industriaren, elikaduraren eta osasunaren sektoreetan; ausazko laser-iturriak; zuntz optiko berezietan oinarritutako gailuak, eta zuntz optikoan oinarritutako sentsoreak. Ikusmeneko, metrologiako, estalduretako eta fabrikazioko patenteak eta era askotako aplikazioei buruzko poster zientifikoak ere aurkeztuko dituzte.
IK4-TEKNIKERen gaitasunak
IK4-TEKNIKERek gaitasun handia du fotonikaren alorrean, eta produktuak, teknologiak eta patenteak garatzen ditu. “Fotonika industrian: negozioak argiztatzeko giltzarri teknologikoak” jardunaldian, argiarekin erlazionatutako teknologia desberdinei buruzko hiru hitzaldi emango ditu IK4-TEKNIKERek.
Lehenengo hitzaldia “Nanofotonikan oinarritutako biosentsoreak” izango da, eta azalduko du zer lagungarria izan daitekeen argia zenbait materialetako nagoegiturekin interakzioan aritzea gaixotasun bati lotutako diagnostiko, pronostiko edo terapiari buruzko informazioa emango duten biomolekulak detektatzeko.
Hau da bigarren hitzaldiaren izenburua: "Argi-sortaren konformazioa laser bidezko material-prozesaketan", eta materialak laser bidez prozesatzean aplikatzen diren argi-sorta konformatzeko teknikarik ohikoenen berrikuspen bat aurkeztuko du.
Azkenik, "Espektroskopiarako eta fluoreszentziarako lineako low cost soluzioak" hitzaldia izango da, parametro fisiko-kimikoak linean ikuskatzeko eta neurtzeko oso kostu txikiko soluzio fotonikoak diseinatzeari eta fabrikatzeari buruzkoa.
Fotonika
Fotoiak —alegia, argi-partikulak—detektatzen, kontrolatzen eta sortzen dituen teknologia da fotonika. Termino hori XX. mendearen erdialdean sortu zen, laserra eta haren aplikazioak agertu zirenean. Oro har, esan daiteke fotonika optikaren izen moderno bat dela, eta finkatuz joan zela laserra agertzeak eta haren erabilera orokorrak sortu zuten susperraldi harrigarriaren ondorioz.
Argi ikusgaiaz gain, jakintza-gai honek uhin-luzeren aukera zabalago bat aztertzen du, hala nola gamma izpiak, X izpiak, ultramorea, (UV), argi infragorria (IR) eta uhin milimetrikoak.
Fotonikak sektore askotan ditu aplikazioak: kontsumo-elektronika (plasma-pantailak, LEDak, 3Dko zinema, liburu elektronikoak, telefono mugikorrak...), telekomunikazioak, osasuna (x izpiak, laser-kirurgia, 3D eskanerrak, ekografiak...), manufaktura-industria (laser bidezko ebaketa eta mekanizazioa), defentsa eta segurtasuna (kamera termikoak, gauez ikusteko betaurrekoak, presentzia-sentsoreak, faltsifikazioen aurkako hologramak...), denbora-pasa (holografia, laser-ikuskizunak, Internet, telebistak...), automobilgintza (hurbiltasun-sentsoreak, autoa aparkatzeko sistemak...), etab.
Gainera, ikertzen ari dira zer aplikazio izan dezakeen etorkizunean elektronika ordezteko. Fotoiak elektroiak baino 2.000 bat aldiz txikiagoak eta, beraz, askoz bizkorragoak dira. Horregatik, informazioa modu eraginkorrago batean transmititzeko, manipulatzeko eta biltegiratzeko gai dira. Aplikazio horrek goitik behera aldatuko luke gure gailuek informazioa biltegiratzeko, manipulatzeko eta transmititzeko duten gaitasuna.
EGITARAUA
08:30 - 09:15 Ongietorria
09:15 - 09:30
- Iñaki Goirizelaia | EHUko errektorea
- Alejandro Bengoa | IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusia
09:30 - 11:00 HIZLARI NAGUSIAK
Moderatzailea: Juan Manuel Zorrilla | UPV/EHU gela| IK4-TEKNIKER
- Heinrich Grueger | FRAUNHOFER IPMS
- Javier Aizpurua | MATERIALEN FISIKA ZENTROA (CSIC-EHU)
11:00 - 11:30 Atsedenaldia eta kafea | Erakusketa eta posterrak
11:30 - 13:00 Fotonika eta aplikazioak. Esperientziak
Moderatzailea: Loreto Susperregi | UPV/EHU Gela | IK4-TEKNIKER
- Biosentsore fotonikoak | IK4-TEKNIKER
- Fabrikaziorako fotonika | IK4-TEKNIKER
- Espektroskopiarako eta fluoreszentziarako lineako low cost soluzioak | IK4-TEKNIKER
- Laser-argiaren ausazko iturriak | Joaquín Fernández – EHU
- Zuntz optiko berezietan oinarritutako gailuak | Joel Villatoro – EHU
- Zuntz optikoan oinarritutako sentsoreak| Joseba Zubia – EHU
13:00 - 13:30 Argiaren Urtearekin lotutako itxiera
FOTONIKA KLUSTERRA ETA ENPRESA-EKIMENAK
13:30h Luntxa | Erakusketa eta posterrak