IoT nekazaritzako elikagaien sektorean produkzioaren efizientzia eta animalien ongizatea bultzatzeko

Helburua

Abeltegien kudeaketa aurreratua, datuen monitorizazioan oinarritua, ekoizpena modu jasangarrian eta ingurumenari dagokionez era arduratsuan hobetzeko eta, horrela, sektorean lehiakortasun handiagoa lortzeko.

Emaitzak

Eskortako hegaztien monitorizazio eraginkorra, abeltegitik hasi eta, manipulaziotik eta garraiotik igaro ondoren, prozesatuen instalaziora iritsi arte haien ongizatea ziurta dadin.

nekazaritzako elikagaiak, IoT, elikagai-industria, hegazti-katea

Internet of Food and Farm (IOF) proiektuaren esparruan, Teknikerrek, batez ere, hegaztien ekoizpen-katearen optimizazioan hartu du parte, hegaztien osasuna monitorizatuz, ekoizpen-katean gardentasuna eskaintzeko eta prozesuari trazabilitatea eransteko xedez.

Monitorizazioari esker, amaierako pisua ezin hobea eta uniformea izatea ziurtatzen da, hegaztiak kaltetzen dituzten inpaktuen kopurua murrizten da, konfort-maila handitzen da, eta hilketa-prozesua optimizatzen da.

Horri begira, zentro teknologikoak abeltegietako eta hegaztiak garraiatzeko kamioietako ingurumen-baldintzak neurtzen dituzten sentsoreak (wireless) garatu ditu.

Zehazki, haztegietako oiloen hazkuntzako parametro giltzarri guztien analisian eta denbora errealeko monitorizazioan lan egin du: janari- eta ur-kantitatea, pisuaren bilakaera, amonio-mailak, tenperatura eta hezetasuna, etab.

Halaber, gailu wearable edo jantzigarriak jarri dizkiete hegaztien kutxak garraiatzen dituzten langileei, kamioietako karga monitorizatzeko. Bestetik, hiltegirako garraio-fasean parametro giltzarriak monitorizatu dira, ingurumen-alderdiak eta bibrazioak hautemateko sentsore eramangarriak txertatuta (adibidez, balaztada zakarrak erregistratzeko).

Sentsore horien datuak aztertzeko, hiltegiko kalitate-erregistroak erabili dira, gune kritikoak identifikatzeko eta, amaierako produktuak kalitate hobea izan dezan, hobekuntzak ezartzeko.

Era berean, Teknikerrek ekoizpen osoa (haztegitik hiltegirainokoa) kudeatzeko plataforma bat garatu du, oinarria hodeian duena eta FIWARE open-source osagaien laguntza jasotzen duena. Horrela, ekoizpen-katearen askotariko faseen bidez bil daitezke datuak, modu integratuan eta kateko askotariko aktoreak elkarreraginean jarriz; hala, operadoreak ez ezik, eremu bakarrean jarduten duten plataformak ere txerta daitezke (esaterako, Porphyrio, abeltegia kudeatzeko tresna).

Bildutako datuak machine learning tekniketan oinarritutako ereduak egiteko erabiltzen dira, prozesuan eraginkortasunik eza eragiten duten baldintza teknikoetan parametroak identifikatzea ahalbidetzen baitute. Gainera, erabakiak hartzen ere laguntzen dute, ekoizpen-kate osoaren ikuspegi eta hobekuntza holistikoaren bidez.

IoF2020 has received funding from the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement no. 731884