Irtenbide industrialetarako bin picking teknologia
Bin picking teknologiaren irtenbideek ikusmen artifiziala eta robotika konbinatzen dituzte; atera behar diren piezak identifikatzeko lehenengoa, eta pieza horiek manipulatzeko bigarrena.
Ekoizpen-prozesuetan materiala manipulatzea (bai makina elikatzeko, bai eskaerak prestatzeko) balio erantsi gutxiko lana da, automatiza daitekeena.
Hala ere, automatizatzeko zailak izaten dira jarduera horiek, hainbat arrazoirengatik: automatizatzeak dakarren kostua eta inbertsioaren itzulera, produktuaren aldakortasuna eta materiala iristeko modua, besteren artean.
Ikerketa-mailan, hainbat urtez jorratu da bin picking delakoaren problematika, eta, gaur egun, 3Dko ikusmen-teknologiari esker, irtenbide industrialak eskaintzeko aukera egon daitekeela ematen du.
Bin picking-erako teknologiak
Piezak edukiontzietatik edo saski handietatik ateratzeko eskari industrialari erantzuten dion irtenbidea da bin picking deritzona. Gainera, ikusmen artifiziala eta robotika konbinatzen ditu; atera behar diren piezak identifikatzeko lehenengoa, eta pieza horiek manipulatzeko bigarrena.
Ikusmenak 3Dko irudi baten analisia egiten du, eta, analisi horri esker, edukiontzi batean pilatuta dauden askotariko objektuen kokalekua ezagutu eta zehaztu daiteke; hala nola, metalezko piezena edo hainbat material eta geometria dauzkaten elementuena.
Objektua ezagutu eta hautatzen denean, ibilbideak planifikatzeko sistemak gidatzen ditu robotaren mugimenduak, edukiontziarekin edo inguruko beste elementu batzuekin talka egin gabe atera ahal izateko hautatu den objektua.
Materialak manipulatzeko robotak hainbat hamarkadatan erabili izan dira industrian eta logistikan. Alabaina, teknologia hori ez da eraginkorra askotariko produktuak, neurriak eta pakete motak daudenean.
Kutxetan edo edukiontzietan dauden eta gero prozesatu edo bildu behar diren elementuak modu errepikakorrean eta azkar ateratzeko prozesuetarako dira interesgarriak bin picking irtenbideak; hala nola, ekoizpen-prozesuetan makinak elikatzeko, eskaerak prestatzeko, elementuak biltegietako paletetan jartzeko eta abarrerako.
Informazio gehiago
Informazio gehiago lortzeko, sar zaitez Automatizazio eta Robotika industrialaren web orrian.