Itsasontziek uretan hobeto irristatzeko sistema bat ari da garatzen IK4-TEKNIKER
Itsasoko urarekiko marruskadura-koefiziente txikiagoa duten inkrustazioen aurkako estaldurak zeintzuk diren ebaluatzea ahalbidetzen du sistema horrek
Itsasontzien kroskoen estaldurak baldintza oso zorrotzen eraginpean egoten dira etengabe, eta, horren ondorioz, azkar narriatzen dira. Itsasoan gatz eta bakterio asko daudenez, hainbat mikroorganismo (algak eta ornogabeak, batez ere) itsasten dira gainazal horietan, eta nabarmen aldatzen dute beren zimurtasuna. Zimurtasun hori areagotzen bada, gainazal horrek uretan irristatzean eragiten duen marruskadura ere areagotu egiten da, eta, horren ondorioz, erregaien kontsumoa eta gas kutsakorren igorpena (CO2) ugaritzen dira.
Antifouling edo inkrustazioen aurkako estaldurak margoak dira, itsasoko organismoak itsasontzietako kroskoetara itsastea (fouling esaten zaio fenomeno horri) saihesten dutenak. Horrela, ontziaren eta itsasoko uraren arteko igurtzia murrizten da.
Hobekuntza-ildo horretan, estaldura mota horien marruskadura-koefizienteak ebaluatzeko gai den ekipo bat diseinatu du IK4-TEKNIKERek. Sistema horri esker, antifouling-estaldura berri iraunkorragoak, eraginkorragoak eta ingurumenarekin begirunetsuagoak garatzen eta hobetzen egin ahalko du lan zentro teknologikoak.
Diseinu jasangarriagoak
Drag Friction du izena tribometro horrek (fluido batean irristatzean gainazaletan sortzen diren marruskadura zein higadura eta xahutzen den energia neurtzeko erabiltzen da tribometroa). Bada, aurrerapen handia da hori; izan ere, marruskadura-koefiziente baxuenak dituzten estaldurak zeintzuk diren hautematea ahalbidetzen du, zehaztasunez. Irtenbide moldakorra da, fluido ezberdinekin lan egiteko eta ontzien abiadura-maila guztiak simulatzeko gai dena.
Kasu bakoitzean eskatzen diren baldintzetara egokitutako entseguak egitea ahalbidetzen du ekipoak, eta hainbat alderdi hartzen ditu kontuan; hala nola, tenperaturaren kontrola, oxigeno-kontzentrazioaren kontrola eta abar. Gainera, motorraren bibrazioek bihurdura-neurrietan duten eragina isolatzen du, egun dauden sistemak hobetuz horrela.
IK4-TEKNIKER, era berean, inkrustazioen aurkako estaldura berri eraginkorragoak eta jasangarriagoak ari da garatzen. Horretarako, estalduren ezaugarri fisiko-kimikoak, mekanikoak eta tribologikoak (itsasgarritasuna, gogortasuna edota urradurekiko, higadurarekiko, marradurekiko, talkekiko erresistentzia eta abar) aztertzen dira, bai eta estaldura horiek ingurumenean duten eragina ere (ekotoxikotasuna eta biodegradagarritasuna), erregaiaren kontsumoa eta gas kutsakorren igorpenak (CO2) murrizte xedez. Beste alde batetik, estaldura berrien erantzun biozida ebaluatzen da laborategiko eskalan, eta itsas-korrosioaren aurrean duten jarrera aztertzen da, itsasoko ur sintetikoan azeleratutako entseguen eta Norsok M-501ean jasotako beste prozedura batzuen bidez.