Jasangarritasun handiagoa sektore aeronautikorako
Tekniker zentro teknologikoa buru da RECYCOMP izeneko proiektuan, zeinaren helburua baiten industria-prozesuetan sobera geratzen den materiala berrerabiltzeko makineriaren garapenean aurrera egitea. Egitasmoak, halaber, aurrerapausoak egingo ditu birziklatutako materialaren analisian eta kontrolean, material hori sektore aeronautikoan osagaiak fabrikatzeko erabili ahal izan dadin gero.
Europar Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak, hainbat programaren eta egitasmoren bidez, birziklapenaren, ekonomia zirkularraren eta ingurumenaren arloko politikak bultzatzen dituzte, eta industriak ere urrats bat eman behar du norabide berean. Hala, birziklatutako materialen merkatuan eskaria sor dadin, lehentasunezkoa da industria-materialak berrerabiltzeko ekoizpen-prozesu eta -bitarteko ekonomikoki errentagarriak sortzea.
Testuinguru horretan, RECYCOMP proiektuak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Tekniker euskal zentro teknologikoak gidatzen duenak, prozesu eta bitarteko jasangarrien garapenean aurrera egiteko asmoa dauka. Zehazki, aurreinpregnatutako norabide bakarreko karbono-zuntzezko materialaren (PREPREG) soberakinen arloan. Material hori piezak fabrikatzean sortzen da, ijezketa automatikoko edo eskuzko ijezketetako prozesuetan (hala nola, sektore aeronautikoan), eta soberakinak isuri edo erraustu egiten dira, jarduera horiek ingurumenean sorrarazten dituzten arazoekin.
Egitasmoa Clean Sky 2 deialdi europarrean kokatuta dago, eta 2023aren erdialdean amaituko da. Bada, proiektuak aurrera egingo du material birziklatuaren jokaeraren analisian eta kontrolean, ondoren industria aeronautikorako osagai funtzionalak fabrikatzeko orduan erabil dadin.
Horri begira, Teknikerrek askotariko teknologietan dauzkan ezagutzak erantsiko ditu, proiektuaren helburua lortzeko; hau da, PREPREGaren soberako materiala berreskuratzeko nahiz berrerabiltzeko gai izango den makina bat diseinatu eta garatzeko. Teknologia horien barruan, makineria bereziaren garapena, mekatronika, automatizazioa, robotika eta ikuspen artifiziala sartzen dira.
Gero, zentroak entsegu mekanikoak egingo ditu, birziklatutako materialaren jokaera probetetan egiaztatzeko; izan ere, probeta horiekin entsegu mekanikoak egingo dira, erresistentzia baloratzeko (birziklatu gabeko materialarekin lortzen den erresistentziarekin alderatuko da). Ondoren, kritikoak ez diren osagaiak fabrikatzeko erabil litezke material horiek; besteak beste, hegazkinaren barrualdeko osagaiak egiteko (eserlekuen, maletategien eta abarren zatiak).
Ikuspen artifiziala, ebaketa eta manipulazioa
Teknikerrek hainbat xede espezifiko finkatu ditu RECYCOMP prototipoa garatzeko, bai eta materiala berreskuratzeko prozesuaren askotariko etapetan behar diren teknologiak garatzeko ere.
Horrela, makinak ikuspen artifizialeko azpisistema bat izango du, material konposatua automatikoki identifika dezan eta karbono-zuntzak orienta ditzan; bestetik, ebaketarako azpisistema bat izango du, forma erregularreko zatiak lortzeko, eta, azkenik, manipulaziorako azpisistema bat izango du, zatietatik abiatuta berreskuratutako materiala eskuratzeko.
Sektore aeronautikoan, material konposatuekin fabrikatzean, jatorrizko materialaren eta 40 artean galtzen da, prozesu automatikoen nahiz eskuzko prozesuen bidezko ijezketetan (ebaketetan). Material horiek kritikoak ez diren aplikazioetan berrerabiltzen badira, material berri gutxiago kontsumituko da, eta, halaber, material berri horiek fabrikatzeko erabiltzen diren bestelako materialen kontsumoak ere behera egingo du.
Era berean, zeharka, jatorrizko materialarekin fabrikatutako osagaien kostua jaitsiko da, aprobetxa daitekeen material gutxiago galduko baita.
"Oso interesgarria da PREPREG materialaren ebakinak berrerabili ahal izatea, ijezketa-prozesuetan sortzen diren hondakinak murrizten lagunduko duelako eta sortzen diren hondakinei balioa emango zaielako, osagai berriak fabrikatzeko erabili ahalko dira-eta", azaldu du Oscar Gonzalo Teknikerreko ikertzaileak.
RECYCOMP proiektuak 2022ko irailerako eduki nahi du prototipoa prest, eta Leonardo Aircraft Division fabrikatzaile eta egitasmoaren Topic Manager-aren instalazioan instalatuko da gero, Napolin (Italia).
Sektore aeronautikoko osagai ez-kritikoak fabrikatzeko pentsatu da birziklapen-makina, baina beste sektore batzuetan ere aplika liteke; besteak beste, automobilgintzan, tren-sektorean, itsasontzien industrian, energiaren industrian edo kirol-ekipamenduetan.
Proiektuak Garapen Jasangarrirako bi Helburutan eragiten du: 9. Industria, berrikuntza eta azpiegitura deiturikoan eta 12. Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak deiturikoan. Horrenbestez, garapen jasangarriaren oinarri ekonomiko, sozial eta ingurumenekoari laguntzen zaie, eta, ondorioz, baita gizarte osoaren garapenari ere.
RECYCOMP project has received funding from the Clean Sky 2 Joint Undertaking under the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement No 886967.