Jasangarritasuna

Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) Nazio Batuek planteatutako 17 helburu dira, eta 2030erako guztiontzako etorkizun jasangarria lortzeko xedea dute. Elkarrekin lotuta daude, eta mundu-mailan egunerokotasunean topa ditzakegun erronkak biltzen dituzte; besteak beste, pobrezia, desberdinkeria, ingurumen-narriadura edo oparotasuna.

2016ko urtarrilean indarrean jarri ondoren, Teknikerren xede horien arabera lerrokatu dugu jarduera, eta, gainera, industria adimendun eta jasangarriaren eredu propioa garatu dugu, Tekniker SustalNDustry izenekoa, enpresei jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenari dagokiona lortzeko alderdi giltzarriak identifikatzen laguntzeko.

Tekniker SustaINdustry: industria adimendun eta jasangarriaren eredua

Oro har, honela defini daiteke enpresen jasangarritasuna: enpresa batek denboran zehar ingurune aldakor batean mantentzeko duen gaitasuna da. Ingurune aldakor horretan, enpresentzat aldi berean erronka eta aukera diren zenbait driver edo eragile daude, behar bezala kudeatu behar direnak, haien jasangarritasuna bermatu nahi bada. Adibidez, pertsonalizazio-maila handiko produktuen eskariaren igoera, merkaturatze-epeen murrizketa, sektorearen digitalizazioa, globalizazioa eta klima- nahiz geografia-aldaketa kontuan hartu beharreko alderdi giltzarriak dira epe luzera jasangarriak izan nahi duten enpresentzat.

Jasangarritasunaren erronka ezin daiteke ikuspegi ekonomiko huts batetik jorratu, etekinak epe laburrera eta edonola eskuratzeari begira. Industriaren arloko enpresei lan horretan laguntze aldera, Teknikerrek, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, industria adimendun eta jasangarriaren eredu propioa garatu du: Tekniker SustaINdustry.

Grafikoa. Industria adimendun eta jasangarriaren Tekniker SustaINdustry eredua

Eredu horren xedea, bada, industria-arloko enpresak jasangarriak izatea lortzeko aintzat hartu behar diren alderdi giltzarriak identifikatzea da, bai eta behar diren euskarri teknologikoak identifikatzea ere.

Tekniker SustaINdustry ereduaren arabera, sektoreko enpresa bat epe luzera jasangarria izan dadin, jasangarritasunaren funtsezko hiru zutabeak bildu behar ditu: ekonomikoa, soziala eta ingurumenari dagokiona.

Matriz. Impacto de los ODS en los tres pilares clave de la sostenibilidad

Jasangarritasun ekonomikoa

Lehenengo zutabeak, jasangarritasun ekonomikoari buruzkoak, oro har, enpresa errentagarria eta lehiakorra izateak duen garrantzia azpimarratzen du, eta produktuen kalitatea nahiz prozesuen eraginkortasuna bermatzea eskatzen.

Jasangarritasun soziala

Bigarren zutabeak, berriz, giza ongizateari egiten dio erreferentzia. Zentzu horretan, industria-arloko enpresa bat gizarte-mailan jasangarria izan dadin, berori osatzen duten pertsonei eusten eta haiek hobetzen lagundu behar du, eta enplegatuen, bezeroen, bazkideen eta, oro har, gizartearen babesa eta onarpena eduki. Horretarako, lan-ingurune berriek moldagarriak, elkarlanekoak eta fidagarriak izan behar dute.

Ingurumen-jasangarritasuna

Eta, azkenik, azken zutabeak ingurumen-jasangarritasuna azpimarratzen du. Europa osoan 2050erako ezarrita dagoen klima neutraltasuneko xedea lortu ahal izateko, industria-arloko enpresek ingurumenean duten inpaktua murriztu behar dute, energia-eraginkortasunaren eta fabrikazioko baliabideen bidez, eta produktuaren nahiz zerbitzuaren bizi-ziklo osoa hartuko duten eta hainbat sektore edo ekosistema lotuko dituzten ikuspegi zirkularrak sustatu behar dituzte; hala nola, energia garbiak (berriztagarriak) erabil ditzakete.