Juaristi, IK4-TEKNIKERen erakunde laguntzaile berria
Zentro teknologikoak eta enpresak indartu egingo dute bi hamarkadatik gora edukitako lankidetza-lotura.
Juaristi makina-erremintaren enpresa gipuzkoarra aditua da makina fresatzaileetan, mandrinatzeko makinetan eta mekanizazio-zentroetan. Bada, IK4-TEKNIKER zentro teknologikoaren erakunde laguntzaile gisa sartu da, bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu berri ostean.
Hitzarmena gaur sinatu da, enpresak Azkoitin duen egoitzan. Ekitaldian, parte hartu dute Asier Gogorza Juaristi enpresako zuzendari nagusiak eta Alejandro Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak.
Makina-erreminta handien diseinuaren arloan erreferenteetako bat da Juaristi, eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egiten du. Egun, makina fresatzaile eta mandrinatzeko makina ertain/handien eremuetan kokatzen diren ikerketa teknologikoko proiektuetan lankidetzan aritzen dira enpresa eta zentro teknologikoa.
Zentzu horretan, Juaristi enpresarentzat estrategikoak diren arloetan duen eskarmentua eransten du IK4-TEKNIKERek; hala nola, diseinu mekanikoan, jokaera dinamikoan, eragingailuetan eta kontrolean, metrologian eta mantentze-lanetan.
Hitzarmen berriarekin, bi hamarkadatik gora edukitako lankidetza-lotura indartu nahi dute zentro teknologikoak eta enpresak. Horretarako, modu aktiboan lagunduko dio IK4-TEKNIKERek enpresari I+G+b plan estrategikoa zehazteko orduan, eragile aditu eta aholkulari teknologiko gisa arituz.
Bestalde, IK4-TEKNIKERek erakunde laguntzaileentzat duen programari heldu ahalko dio enpresa gipuzkoarrak.
IK4-TEKNIKERen programaren xedeen artean, hauek dira nagusiak: estrategia teknologikoak lerrokatzea, elkarlaneko proiektuak bultzatzea eta teknologia eta joera berriei buruzko informazio aurreratu eta pertsonalizaturako sarbidea sustatzea.
Era berean, KAM (Key Account Manager) izeneko irudia edukiko du Juaristik. Pertsona horixe arduratuko da bere erakundearen eta euskal zentro teknologikoaren arteko harreman guztiaz. Horri esker, hizketakide bakarra edukiko du erakundean, bi erakundeen arteko kudeaketak eta harremanak errazteko.
Erakunde laguntzaileak, IK4-TEKNIKERekin aurretik koordinatuta eta baldintza egokietan, hainbat instalazio eta zerbitzu erabili ahalko ditu bere proiektuetarako; esaterako, hauek: muntaketa-tailerra, zehaztasun handiko tailerra, areto zuria, bunkerra, auditoriuma, bilera-aretoak edo zentroko halla bera, ekitaldiak egiteko show-room gisara.
Juaristi enpresa zentroko erakunde laguntzaileen taldera sartu ondoren, 25 hauek dira erakunde laguntzaileak: Aernova Aerospace, Alfa Lan, Doimak, Egile Corporation, Etxe Tar, Fagor Automation, Siemens Gamesa, Goialde, Goizper, Goratu, Ibermática, Jaureguizar, Kutxabank, Lazpiur, Maser, Nivac, Ojmar, Pasaban, Zigor, Zayer, iLine microsystems, Maier, Ulma Handling eta ONA, Juaristiz gain.