Laser bidez mikrozuloak egiten dituen errendimendu handiko makina bat garatu da

Helburua

Industria aeronautikoak irtenbide berritzaileak behar ditu hegazkin eraginkorragoak eta ez hain kutsatzaileak fabrikatzeko.

Emaitzak

Laser-teknologian oinarritutako makina industrial bakarra garatu da, hegazkin komertzialen isats-egonkorgailu bertikal nahiz horizontalen aurrealdeko hegala osatzen duten panel mikrozulatuak produktibitate-tasa altuetan fabrikatzeko.

mikrozulaketa, laserra, makina-erreminta, aeronautika, HLFC

Industria aeronautikoak irtenbide berritzaileak behar ditu hegazkin komertzialen aerodinamika hobetu eta hegazkinen egiturazko pisua nahiz airearekiko erresistentzia murrizteko, kutsaduraren bolumena eta erregai-kontsumoa gutxitu nahi badira.

Etorkizun handiko tekniken artean, fluxu laminar hibridoaren kontrol gisa ezagutzen dena dago (HLFC, ingelesez Hybrid Laminar Flow Control), zeina hegazkinaren hegoak nahiz isats-egonkorgailuak eratzen dituzten egituretan txertatuko den. Bada, teknologia horrekin, airea zulo txikietatik xurgatuta murriztu ahalko da hegazkinak airearekiko duen erresistentzia.

Irtenbide mota horrek arte murriztu dezake hegazkinaren erregai-kontsumoa, eta, era berean, nabarmen gutxitu ditzake CO2-a eta beste agente kutsatzaile batzuk (hala nola, NOx-a)

Alabaina, isats-egonkorgailuen eta hegoen aurrealdean ezar daitezkeen metalezko panel mikrozulatuen fabrikazio industriala erronka nagusietako bat da garraiorako hegazkin komertzialetan HLFC teknika garatu eta ezartzeko orduan.

Testuinguru horretan, Tekniker-ek, Bremer Institut Fur Angewandte Strahltechnik (BIAS) zentro teknologiko alemanarekin eta Aernnova enpresarekin elkarlanean, HLFC motako panelak fabrikatzeko errendimendu handiko lehenengo makina industriala garatu du, laserraren bidez zulo txiki-txikiak egiten dituena.

Makina 5000 x 2000 x 0.8 mm-rainoko titaniozko panelak prozesatzeko dimentsionatuta dago, eta 300 zulo baino gehiago egin ahalko ditu segundoko. Orain, industria-mailan baliozkotzen ari dira.

Halaber, hainbat monitorizazio eta kontrol-sistema dauzka, eta, horiei esker, fabrikatzen diren panelen kalitatea ziurtatuko da, eta egindako zulo bakoitzaren egoera zein den jakin.

Makinan integratuta dauden laser bidezko bi teknikek ahalbidetzen dute neurri ezberdineko zuloak egitea; bada, diametro estandarra 0,1 mm-koa da, eta 0,005 mm-tik beherako dispertsio geometrikoari eusten dio.

Era berean, bestelako prozesu osagarriak egin ahalko dira makinarekin (adibidez, ebaketak, markaketak eta abar), kalitatea hobetu eta hurrengo fabrikazio-prozesuei bide emate aldera.

Azken batean, garatu den makinak HLFC motako egituren merkaturatze-denbora txikitzea ahalbidetzen du, bai eta sektore aeronautikoko teknologia berria eskala handira egokitzea errazten ere.


This project has received funding from the Clean Sky 2 Joint Undertaking under European Union´s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement n° 755620.