LUBMAT-IBERTRIB 2024k ponentzia programa oso bat aurkeztu du
Lubrifikazioaren, mantentzearen eta tribologiaren arloko adituek beren ezagutzak, esperientziak eta proiektuak erakutsiko dituzte ekainaren 18tik 20ra Donostiako Kursaalean.
LUBMAT-IBERTRIB 2024 biltzarrak lubrifikazioaren, mantentzearen eta tribologiaren arloko berrikuntzak eta azken joerak jorratuko ditu nazioarteko adituen eskutik ekainaren 18tik 20ra Donostiako Kursaalean.
Hala islatzen du Tekniker zentro teknologikoak, Bureau Veritasek, Atten2k eta Lancashireko Unibertsitateak batera antolatutako ekitaldiaren programazioak. Bertan, hitzaldiak eta aurkezpenak egingo dira, eta horietan gai berritzaileak jorratuko dira, hala nola 4.0 mantentze-estrategiak ezartzea eta lubrifikatzaile ekologikoen erabilera, bertaratutakoei ingurumena eta, oro har, gizartea errespetatzen duten praktikak erakusteko.
Biltzarraren jardunaldiak datorren hamarkadarako industriaren erronkak eta joerak jorratuko dituen osoko ponentziarekin hasiko dira. Hala, asteartean, hilak 18, AVS konpainiako Cristina Ortegak lasterketa espazialeko azken erronka zientifiko-teknologikoei buruz hitz egingo du; asteazkenean, hilak 19, Ere La Solutions S.L.-ko Silvia Lazcanok sektore aeronautikoan akatsak goiz detektatzearen garrantzian sakonduko du; eta hilaren 20an, Itziar Landak, Petronorreko digitalizazio-zuzendariak, adimen artifizialak eta 5Gk aktibo industrialen bizitza optimizatzeko eta monitorizatzeko dituzten gaitasunak aztertuko ditu.
Era berean, Biltzarrak nazioarteko pertsona nabarmenak izango ditu hizlari, hala nola Markus Matzke, sistema lubrikatuetan aditua (BOSCH, Alemania), Ali Erdermir, "Fellow of the EU Academy of Sciences" (Texas, Estatu Batuak) eta Aldara Naveira, SKF RecondOilekoa (Suedia).
Biltzarraren hiru egunetan zehar aurkeztuko diren hamabost hitzaldi nagusiekin eta 100 komunikazio baino gehiagorekin batera, biltzarrak hainbat stand izango ditu. Bertan, abangoardiako teknologiak eta lubrifikatzaileen kudeaketan, mantentze industrialean eta tribologian gaur egun dauden erronketarako soluzio ezberdinak erakutsiko dira, proiektu berritzaileetan aplikatutako azken joerak ezagutzeko aukera eskainiz.
Hori guztia bertaratutakoekin elkarreragiteko eta esperientziak partekatzeko diseinatutako espazio batean, networking-jarduerak eskainiz, non sektoreko profesionalek harreman estrategikoak ezarri, ezagutzak trukatu eta etorkizuneko proiektuetan lagundu ahal izango duten.
Biltzarraren programa osatzeko, erakunde antolatzaileen instalazioetara bisita egingo da, eta bertaratutakoei aukera emango zaie Tekniker, Bureau Veritas eta Atten2-n egiten diren aurrerapen teknologikoak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko.
Programari buruzko informazio guztia LUBMAT-IBERTRIB 2024ren orrialde ofizialean dago eskuragarri.