Lubrifikatzaileen eta mantentze industrialaren arloko nazioarteko 200 aditu baino gehiago bilduko dira Donostian
LUBMAT-IBERTRIB 2024 biltzarrak marruskadurari, higadurari, lubrikazioari eta "condition monitoring"-ari buruzko azken nobedade zientifiko-teknologikoak aurkeztuko ditu Kursaalen ekainaren 18tik 20ra.
Lubrifikatzaile industrialak funtsezko osagaiak dira aeronautikaren, energiaren edo automobilgintzaren sektoreetan marruskadura murrizteko eta, adibidez, produkzio-ekipoen higadura eta korrosioa saihesteko. Beraz, esparru horretan ikerketa eta ezagutza areagotzea funtsezkoa da industriaren jasangarritasuna bermatzeko.
LUBMAT-IBERTRIB 2024 nazioarteko biltzarrak lubrifikatzaile industrialetan, mantentze-lanetan eta tribologian mundu osoko 200 aditu baino gehiago bilduko ditu aste honetan, bihartik ostegunera, Donostiako Kursaal Auditorioan, mantentze lan prediktiborako bidean azken berrikuntza zientifiko eta teknologikoak aurkezteko, makinen bizi-zikloa luzatzeko, kostuak murrizteko, prozesuen eraginkortasuna bultzatzeko eta, azken batean, enpresen lehiakortasuna handitzeko.
Asiatik, Amerikatik edo Europatik etorritako enpresak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak eta hizlariak izango dira Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance-eko (BRTA) kideak, Atten2-k, Bureau Veritas-ek eta The Jost Institute for Tribotechnology-k (Erresuma Batua), batera antolatutako topaketa profesional honetan. Erakustokia eta hiru gaitan banatutako hitzaldi-programa osoa izango ditu.
"Biltzarraren lehen edizio presentziala da 2018tik (2020an online formatuan egin zen), eta harrera bikaina izan du sektorearen aldetik. Gainera, aurten nabarmentzekoa da ponentzien maila altua, jasangarritasunean foku garrantzitsua duten kasu eta aplikazio industrialak aurkeztuko baitituzte hainbat sektoretan", nabarmendu du Ana Aranzabe Teknikerreko zuzendariorde nagusi eta Teknologia zuzendariak.
Zehazki, honako hauek eskainiko dituzte LUBMAT-IBERTRIB 2024ren osoko hitzaldiak: Cristina Ortega, AVSren unitate espazialeko zuzendaria ("Science from space by AVS", ekainaren 18an, 9:00etan); Silvia Lazkano, Doba Solutions-eko presidentea, ibilbide profesional zabala duena hainbat postutan, hala nola Airbuseko Garapen Teknologikoko eta Partnershipseko zuzendaritzan ("Early Problems Detection in Aeronautics", ekainaren 19an, 08:30etan); eta Itziar Landa, Petronorreko Digitalizazioko zuzendaria ("Optimizing and Monitoring the Life of Our Industrial Assets through Artificial Intelligence and 5G", ekainaren 20an, 09:00etan).
Era berean, biltzarrak nazioarteko pertsona nabarmenak izango ditu hizlari, hala nola Ian Sherrington (JOST, Erresuma Batua), Markus Matzke (BOSCH, Alemania), Ali Erdermir, "Fellow of the EU Academy of Sciences" nominatua (Texas, AEB), Aldara Naveira (SKF RecondOil, Suedia), Jorge Seabra (INEGI, Portugal), Gerardo Trujillo (AMGA, Latinoamerika), Nicholas Spencer (ETHZ, International Tribology Council-eko presidentea), Nicole Dörr (AC2T, Austria), Jefferson Barbosa (CPFL, Brasil), Rafael Quiros (Bridgestone), Nicholas Petillon (IFTS, Frantzia), Guoxin Xie (Univ. Tsinghua, Pekin, Txina), Ian Taylor (JOST, Erresuma Batua), Yesid Gómez (Bureau Veritas, Espainia) y Aitor Arnaiz (Tekniker, Espainia).
Teknikerren parte-hartzea
LUBMAT-IBERTRIBen, Teknikerreko langileek ere parte-hartze nabarmena izango dute beren laborategietan eta industria-proiektuetan egindako lan zientifikoaren aurkezpenaren bidez.
Aitor Arnaiz, Teknikerreko Informazio Sistema Adimendunen zuzendaria, biltzarreko hizlari nagusietako bat izango da eta bere keynotean Teknikerren posizionamendua eta sortzen ari diren teknologien inguruko joera korporatiboak aztertuko ditu, hala nola Adimen Artifizial sortzailea. "Errendimenduari eta malgutasunari dagokienez, mantentze-lanetako eta condition monitoring-eko egungo soluzioak aprobetxatzeak dakarren potentzialean zentratzen da arreta, baina beste industria-eremu batzuetara ere zabal daiteke, hala nola manufaktura-produkziora edo energia-sorkuntzara", azaldu du Arnaizek.
Gainera, Eduardo Tabaresek ibilgailu elektrikoentzako oinarri lubrifikatzaileen portaera triboelektrikoa aurkeztuko du, Arteche enpresako Alberto Villarrek eta Jose Miguel Nogueirasek fluido dielektriko biodegradagarriak aztertzeko elkarrekin egindako lanaz hitz egingo dute, eta Amaya Igartuak tribologiak materialen eta lubrifikatzaile seguru eta jasangarrien diseinuan eta garapenean duen garrantzia aztertuko du, i-Tribomat startupa bezalako adibideen bidez.
Bestalde, Borja Arméndarizek energia aurrezteko engranajeen olioen marruskadura eta higadura murriztea bilatzen zuen ikerketa baten emaitzak erakutsiko ditu, eta Iker Elexpek propietate tribologiko hobetuak dituzten azido oleikoarekin eraldatutako zink oxidoaren nanopartikuletan oinarritutako nanolubrifikatzaileen belaunaldi berri bat azalduko du.
Ezagutza zientifiko eta teknologiko hori guztia LUBMAT-IBERTRIB foroan egongo da. Ane Insausti Gipuzkoako Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen diputatuak emango dio hasiera biltzarrari bihar, 08:30etan, Kursaalen.