Maier Technology Centre IK4-TEKNIKERen patrono egin da
I+G+Bko bi zentroak lankidetzan arituko dira automobilgintzan eta etxetresna elektrikoen sektorean produktu berritzaileak garatzeko. I+G+Bko diru-sarreretan %6ko igoerarekin itxi du 2015eko ekitaldia IK4-TEKNIKERek.
Maier Technology Centre (MTC), Maier automobilgintzako eta etxetresna elektrikoetarako osagaien EAEko fabrikatzailearen zentro teknologikoa, IK4-TEKNIKERen patronatuan sartu da, zentro teknologikoaren gobernantzan parte hartzeko asmoz.
IK4-TEKNIKERen patronatuak abenduaren erdialdean egin zuen batzarrean onartu zuen patronotza hori, eta, hala, indartu egiten da bi erakundeek hainbat urtetako lankidetzaren ondorioz eraiki duten lotura. Hain zuzen, joan den urrian Eibarko zentroaren erakunde laguntzaile egin zen MTC; patrono gisa sartu aurretik formalizatu beharreko urratsa da. Erakunde laguntzaileek bi erakundeen ezagutza batzea dute helburu, elkarrekin produktu teknologikoki aurreratuak eta zerbitzu berritzaileak garatzeko.
“Harremana hartuz zihoan garrantziarekin, eta hazteko zuen potentzial guztiarekin, beharrezkoa zen egitura egonkorrago batean sartzea”, adierazi du Alejandro Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak.
Hitzarmen horren bidez, bi zentroek beren estrategia teknologikoak parteka ditzakete, enpresaren beharrekin bat etor daitezen. Garapen teknologikoko programa planifikatuak ere zehaztu ahal izango dituzte, are gehiago finkatzeko MTCk nazioartean duen lidergo-posizioa berak garatzen dituen produktuetan.
Gainera, bi erakundeen arteko konpromiso horri esker, IK4-TEKNIKERek enpresa laguntzaileentzat duen onura-programan sar daiteke Maier Technology Centre. Programa horrek eragileen arteko harreman estrategikoa sustatzen du, eta aukera ematen du I+G+Bko lankidetza-harreman iraunkor bat lortzeko.
Erakunde laguntzailea, aukeren aliantza bat
IK4-TEKNIKERen erakunde laguntzaileek zenbait abantaila dituzte; esaterako, elkarrekin egindako proiektuak sustatzea eta garapenei buruzko informazio pertsonalizatua eta aurreratua izatea.
Maier Technology Centre IK4-TEKNIKERen erakunde laguntzaileen taldera biltzea zentroak beste enpresa batzuekin egin dituen antzeko aliantzen testuinguruan ikusi behar da. Gaur egun, 22 erakunde laguntzaile ditu.
IK4-TEKNIKERek MTCrentzat egiten dituen ekarpen garrantzitsuenen artean azpimarratzekoa da zentro teknologikoak duen ezagutza handia gainazal-tratamenduetan aplikatzen diren fabrikazio-teknologietan, automatizazioan eta prozesuak eskalatzen.
Ajangizen dago (Gernikan) MTC, Arabietako industrialdean. 1995ean sortu zen, plastikoen sektorean erreferente bat izateko. Gaur egun, automobilgintzako enpresei zerbitzuak ematen dizkie.
2015, mugarrien urtea IK4-TEKNIKERentzat
Joan den abenduaren 26ko batzarrean berretsi zen MTC IK4-TEKNIKERen patronatuan sartzea, eta, horrez gain, zentro teknologikoaren aurreko urteko behin-behineko emaitza ekonomikoak aurkeztu ziren batzarrean.
IK4-TEKNIKERek langile-kopurua, 272 lagun, mantenduta itxi zuen 2015eko ekitaldia.
Gainera, zentroak aurreikusten du ikertzaile gehiago izatea 2016an.
2015eko I+G+Bko diru-sarrera totalak %6 igo dira 2014koarekin alderatuta, enpresekin % 5 proiektu gehiago kontratatu direlako, batez ere.
Igoera horri esker, ekipamendu berrietan inbertitu du zentro teknologikoak. Haien artean nabarmentzekoa da, nanopartikulak sortzeko iturri bat (NanoGen Trio, Mantis), ihinztadura katodikoaren teknologian oinarritua. Iturri horren bidez, nanopartikulak purutasun handiz fabrika daitezke, atmosfera kontrolatu batean sortzen baitira, eta tamaina izugarrizko doitasunez kontrolatu daiteke.
Teknologia horren bidez fabrikatutako nanopartikulen aplikazioak askotarikoak dira; besteak beste, terapia medikoak, datu-biltegiratzea, elektrizitatea sortzea eguzki-zelula fotovoltaiko bidez eta erregai-pila bidez, biosentsoreak eta aplikazio optoelektronikoak.
Hazkunde handiagoa 2016an
IK4-TEKNIKERek 2016an haztea aurreikusten du, eta nola diru-sarrerak hala langile-kopuruak gora egitea.
Hasi berri dugun urte honetarako zentro teknologikoak estrategia hau du: indartzen jarraitzea enpresekin, klusterrekin, erakundeekin eta bestelako plataformekin duen lankidetza.
Gainera, IK4-TEKNIKERek aurreikusten du lubrifikazioari, mantentze-lan industrialei eta tribologiari buruzko nazioarteko LUBMAT 2016 biltzarra antolatzea —ekainean izango da—, eta erakusketari izatea makina-erremintaren bi urtez behingo Espainiako azokan, BIEMH 2016n.
Horrez gain, 4.0 industriaren alde egiten jarraituko du zentro teknologikoak 2016an.