Makina-erremintarako mantentze-lan adimenduna
Power-OM europar proiektuak sistema berritzailea garatu du mantentze-lan igarlean, makinaren korronte-kontsumoa monitorizatuz.
Ekoizpen industrialetako mantentze-lanen estrategia, normalean, praktika prebentiboen bidez egiten da, planifikatutako tarteen bidez, eta ekintza erreaktiboekin osatzen dira horiek, matxurak egotekotan. Makina-erramintaren erabiltzaileak ez dira salbuespena, eta praktika horiek ondorioak izaten dituzte kalitatean, kostuan eta lortzen duten ekoizpenean.
Industriari erronka horren aurreko irtenbideak emateko, Power-OM europar proiektuak mantentze-lanen sistema adimenduna garatu du. Horren bidez, korronte elektrikoaren kontsumoaren seinalea erabiltzen da mantentze-lanen teknika igarleak txertatzeko, eta, horrekin, ekoizpena hobetzen da, hiru alderdi landuz: mantentze-lanen estrategiak optimizatzen dira, modu efizienteagoan kudeatzen da energia-kontsumoa eta ekipamenduen zein horien elementu kritikoen fidagarritasuna hobetzen da geldiuneak murrizteko.
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa izan da buru Power-OM proiektuan, eta bi euskal enpresaren parte-hartzea izan du lagun, Goratu eta Fagor Automation enpresarena, hain zuzen ere. Horrek agerian jartzen du Euskadi dela aitzindaria makina-erremintaren sektoreko berrikuntzan. Artis (Alemania), Predict (Frantzia) eta Monition Limited (Erresuma Batua) enpresek eta Lulea Unibertsitate Teknikoak (Suedia) osatu dute partzuergoa.
Proiektua duela gutxi amaitu da, 4 urte ikerketan eman ondoren, 3,8 milioi euroko aurrekontua izan du eta EBk finantzatu du VII. Programa Markoaren bidez.
Honako hau da proiektuaren berrikuntza nagusia: makinaren zenbaki-kontrolak berak ematen duen informazioa erabiltzen da, berariazko sentsorizaziorik sartu behar izan gabe.
"Estrategia berri horrek probaketa-ziklo batzuen bidez ebaluatzen du makinaren osasuna. Ziklo horiek berariaz diseinatu dira, makinako osagai kritikoenen diagnostikoa egiteko eta, horrela, makinaren egoerari buruzko txostena egiteko", adierazi du Aitor Alzaga IK4-TEKNIKEReko ikertzaile eta Power-OM proiektuko zuzendari zientifikoak.
Prozesaketa horren ondoren, testaren emaitza sortzen da: makinaren "hatz-marka" ateratzen da, eta, beste batzuekin alderatuz hori, osagai kritikoenen egoera ebaluatu daiteke; makinaren ardatz nagusia eta gida linealak bereziki. Gainera, cloud plataforma garatu da proiektuan. Jasotako informazioa biltzen du horrek, eta, horrela, alderaketa-azterketak egin daitezke beste makina batzuekin.
Industrian mantentze-lanen sistema adimenduna sartuz, osagai horietan espero ez diren huts egiteak %75 murriztea du xede proiektuak, energia-kontsumoa %5 murriztea eta %25 areagotzea ardatz nagusien eta gida linealen fidagarritasuna.
This project has received funding from the European Community´s Seventh Framework Programme (FP7-NMP-2012-ICT-FOF) under grant agreement no 314548.