Makina-erreminta eramangarria: irtenbide txikiak arazo handientzat
Espezialistaren ikuspegia: Josu Eguia, IK4-TEKNIKER-eko Ikerlaria
Ekonomia gero eta globalizatuago batean murgilduta gaude, non ezagutzak, ekipoek eta produktuek historiako beste edozein unetan baino libreago bidaiatu baitezakete. Garai batetik hona, balio erantsi txikiko produktuetan oinarritutako industriak eta eskulaneko fabrikazio-prozesu intentsiboak deslokalizatzeko joeraren lekuko gara. Horren ondorioz, ondasun askoren fabrikazioa soldata-kostu txikiagoak dituzten lekuetara eraman da. Bestalde, erantzukizun handiko prozesu eta piezetan, joera hori askoz motelagoa da. Horrelako joerarik ez dagoela ere esan daiteke ia. Ekonomia sendoenek hobi hori aprobetxa dezakete, eta ezagutza intentsiboko eta balio erantsi handiko produktuen fabrikazio aurreratuan espezializatu.
Horrelako pieza eta produktuen adibide dira tamaina handiko pieza mekanizatuak; esaterako, sektore eragile hauetan erabiltzen direnak: ontzigintza, energia eolikoa, instalazio zientifiko handiak, etab. Pieza horiek erantzukizun handia eskatzen dute zerbitzuari dagokionez, eta haien tamaina benetako erronka bat da.
Pieza handi horien fabrikazioan, konponketetan eta mantentze-lanetan, xede-piezara egokitutako tamaina handiko makina-erremintak erabiltzen dira. Oso argi dago Euskadiko makina-erreminten fabrikatzaileen industriaren zati handi bat merkatu horretan espezializatzeagatik nabarmendu dela: tamaina handiko makinak serie txikitan ekoizten ditu.
Bestalde, ikuspegi horrek arazo garrantzitsuak sortzen ditu zenbait alderditan. Tamaina handiko makinak konplexuak dira diseinatzeko, eta oso inbertsio handiak egin behar dira fabrikazio-prozesuan, muntaketan eta doikuntzan. Beraz, teknikari eta antolakuntzari dagokienez, oso erronka konplexuak dira edozein enpresarentzat.
Azken urteotan, bada alderdi bat nabarmendu dena: mekanizatu beharreko geometria, gehienetan, ez da handia, nahiz eta pieza hala izan. Hori dela eta, askotan, makina handiak erabiltzea ez da optimoa izaten, eta kostu handiak izaten ditu; izan ere, makinen funtzionamendu-kostu handiei piezak erabiltzen diren lekutik tailerretara eramateak duen kostua gehitu behar zaie. Gainera, garraio hori arriskutsua eta motela izan daiteke, eta zerbitzuan geldialdi luzeak eragin ditzake.
Horrelako kasuetarako, eredu-aldaketa bat proposatzen da, "makina handiak pieza handien inguruan eta pieza handientzat" dogmari amaiera eman nahi diona eta lanean ari den piezaren ingururaino garraia daitezkeen eta hartan askatasunez jar daitezkeen tamaina txikiko makina-erreminta berrien alde egiten duena. Behin kokatuta, makina handien kalitate bereko mekanizazio-lanak egin ditzakete. Tamaina txikiko makina adimendun horiei —piezaraino eramaten direnak eta hartan mugitzeko eta lan egiteko libre direnak— makina eramangarri deitzen zaie, eta "makina txikiak pieza handietan" ikuspegi berriaren oinarria dira.
Egiteko dagoen bide bat
IK4-TEKNIKERek makina eramangarrien irtenbideak garatu ditu, bai zinematika paraleloekin, bai serieko zinematikekin. Behin kokatuta, makina horiek automatikoki autokalibra daitezke, bere posizioa eta norabidea zehazteko eta piezan lanean hasteko. Hala, tamaina handiko piezetan arrakastaz egin dira eragiketa oso konplexuak; esaterako, turbina aeronautikoetan eta automobilgintzako trokeletan.
Makina eramangarri horiek ehunka kilo batzuk besterik ez dute pisatzen, eta furgoneta txiki batean garraia daitezke; hala, sinplifikatu egiten da pieza konpontzeko prozesu osoa. Irtenbideak nahikoa zehatzak izaten dira, eta lehiakorrak dira sistema tradizionalekin alderatuta aplikazio jakin batzuetan. Haien egiturak optimizatuta daude zurruntasunaren eta pisuaren arteko erlazio handi baterako, berdina lan-eremuaren norabide guztietan; bibrazio-maila txikikoak dira, eta ez dute chatterik. Gainera, makinetan zenbakizko kontrol aurreratuenak integratu dira, prestazioei eta erabiltzeko esperientziari kalterik egin gabe, eta erabilerrazak dira langileentzat. Beraz, ohiko makina baten funtzionalitatearen parte bat eskaintzen dute, eta deskribatutako askatasun osoa, autonomia eta eramangarritasuna.
IK4-TEKNIKERen irtenbide teknologiko osoak eskaintzen eta erakusten saiatzen gara, ideiatik hasiz, prozesuaren garapenetik pasatuz eta industriari irtenbide oso bat eskaintzen dion ekipo aurreratu bat sortzeraino.
Jakina, badira oraindik konpondu gabeko alderdi teknologikoak makina-eredu horietan, eta IK4-TEKNIKERek alderdi horietan lanean dihardu, ziurtatzeko irtenbide berri horiek bihar-etzi aldatu ahal izatea fabrikatzeko modua eta ekoitzitako eta erabilitako makina-mota.
Alde batetik, makina horien miniaturizazioa hobetu egin behar da, erabiltzeko malgutasuna eta eragiketa konplexuak egiteko gaitasuna galdu gabe. Gainera, autonomia eta adimen handiagoa eman behar zaizkie, kokapenaren berri eta piezarekiko erreferentzia hartzeko aukera emango dien informazioa —hainbat sentsoreren bidez lortua— erabiliz. Aurreikusitako aurrerapenekin, makinek pieza-programak automatikoki berregin ahalko dituzte, funtzionatu behar duten egoeretara egokitzeko.
Garatutako prozesuak eta ekipoak industria-alorrean probatzen jarraitu behar da, epe luzeko portaera eta enpresan duen eragin ekonomikoa baliozkotzeko, bi horiek baitira adierazle gakoak makina horien erabiltzaile izan daitekeen industria makina-eredu berri horren alde egin dezan.
Erronka horietan guztietan, IK4-TEKNIKER aurrerapen garrantzitsuak egiten ari da. Beraz, epe laburrean, industriara zuzenean transferi daitezkeen irtenbide integratuak eskainiko ditu.