Makina-erremintari aplikatutako doitasun-ingeniaritza
Tekniker zentro teknologikoak industria-ekipamenduen gaitasunak hobetzeko ikuskapen- eta neurketa-soluzioak aurkeztuko ditu BIEMH biurtekoan.
Industria-sektore guztiak ingurumen-, energia- eta digital-arloko alderdiei eragiten dieten eraldaketetan murgilduta dauden testuinguruan, makina-erremintaren sektorea ez dago aldaketa horietatik aparte. Fabrikazio aurreratuak energia- eta ingurumen-arloan jasangarria eta eraginkorra den fabrikazioari erantzun behar dio eta, jakina, bere eragiketa nahiz sor ditzakeen zerbitzu gehigarriak aberasten dituzten elementu digitalak izan behar ditu.
Fabrikagarritasunari, zehaztasunari eta, azken finean, lehiakortasunari dagokienez prestazio berriak ekarriko dituzten prozesu berriak optimizatzen eta garatzen aurrera egitea da Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den Tekniker zentro teknologikoko Fabrikazio Aurreratuko estrategiaren helburua. Horretarako, funtsezkoa da zentroak materialen oinarrizko ezagutzan espezializazio teknologikoa izatea eta abangoardiako teknologiak menderatzea, hala nola laserra, balio erantsi handiko produktu mekatronikoen garapena, metrologia eta prozesuen industrializazioa eta horien optimizazioa, besteak beste.
Testuinguru horretan, roboten posizionamendu absolutuaren doitasun-mailak hobetzeko soluzioak aurkeztuko ditu zentroak Makina Erremintaren Nazioarteko hurrengo Biurtekoan, mugimendu errepikakorretan ez ezik, beren lan-bolumen osoan posizionamendu-mugimendu zehatzetarako ere beharrezkoak izan daitezen.
Teknikerren inspekzioa- eta neurketa-eskaintza teknologikoan integratutako ezagutza hori makina-erremintaren doitasuna hobetzeko ere erabil daiteke. Badira arreta bereziz aztertu eta tratatu behar diren parametroak, esaterako, piezaren eta makina-erremintaren tamaina, ingurumen-baldintzen aldakuntza edo neurketa-teknologia bera.
Horretarako, beste jarduera batzuen artean, egiaztapeneko prozedura azkar eta automatikoak, neurketa-prozeduren simulazioa edota hardware- eta software-diseinuak garatzen dira, neurketa makina-erremintetan beraietan egiteko aukera ematen dutenak.
Alde horretatik, Teknikerrek prozesu eta makinen digitalizazioari buruzko ezagutza ematen die enpresei eta fabrikatzaileei, horien mantentze-lan prediktiboak egiteko. Sentsoreak integratzeak eta monitorizazio-plataformei eta anomaliak atzemateko algoritmoei lotutako sistemak garatzeak aukera ematen du ekipamenduen osasun-egoera uneoro ezagutzeko.
Erakuslea BIEMH biurtekoan
Nazioarteko azokaren kasuan, Teknikerrek inspekzioan eta neurketa-arloko soluzioak erakutsiko ditu robot industrialaren erakusle baten bidez, orri baten lodieraren neurri baliokidea den 0.1 mm baino gutxiagoko posizionamendu absolutuaren doitasunarekin, lan-bolumen osorako.
Makina-erremintaren fabrikatzaileek eragiketa lagungarri eta osagarriak egiteko ekoizpen-prozesuan, hala nola piezak kargatu eta deskargatzeko lanak edo piezen akabera-eragiketak egiteko prozesuan robotak integratzeko duten gero eta behar handiagoari euskarria emateko diseinatuta dago soluzioa.
Zentro teknologikoak gaitasun horiek aurkeztuko ditu ekoizpen- eta manipulazio-ekipamendu eta prozesuen doitasuna hobetzeko, Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren erakustokian, 1. pabilioiko Cl4 korridorean kokatutakoan.