Mantentze-lan igarlea, hegazkinen segurtasuna hobetzeko
Osagai aeronautikoen fidagarritasuna areagotzen duten irtenbide berriak garatu ditu IK4-TEKNIKERek Liebherr-Aerospace Lindenberg GmbH enpresarentzat.
Industria aeronautikoak gero eta arinagoak diren hegazkinak fabrikatzeko, erregaiaren kontsumoa murrizteko eta mantentze-lanen kostuak gutxitzeko joera dauka, goraldian dagoen joera, eta "Hegazkin elektrikoagoak" deritzon kontzeptu berria sortzea ekarri du horrek. Tradizionalki erabili diren sistema hidraulikoen eta pneumatikoen ordez irtenbide elektriko berritzaileak jartzean oinarritzen da hori.
Gauzak horrela, sistema elektromagnetiko eta elektro-hidrostatiko horien mantentze-lanetarako metodo berrietan aurrera egin behar dela ikusten dute sektoreko multinazionalek; bai hegazkina osatzen duten osagaien fidagarritasuna areagotze aldera, bai horien segurtasuna hobetze aldera.
Eskari horri erantzuteko, IK4-TEKNIKER buru da industria aeronautikoan integratutako sistemetan espezializatuta dagoen Liebherr-Aerospace Lindenberg GmbH multinazional alemanarentzat mantentze-lan igarleko irtenbide berriak garatzeko xedea duen proiektu europar batean. Funtsean, bere osagai aeronautikoak monitorizatzeko eta horien bizi-zikloa handitzeko xedez.
Batetik, hegazkinaren hegalak kontrolatzen dituzten eragingailuak monitorizatzeko metodo berriak aztertuko ditu IK4-TEKNIKERek; bestetik, erabileran dauden engranajeen akatsak iragarri ahal izateko baliabide berriak bilatuko ditu, eta, azkenik, eragingailuen bizitza luzatzea ahalbidetuko duten fluido, lubrikatzaile eta juntura onenak asmatzeko xedez ikertuko du. Horretaz gain, hegazkin baten jardueran gerta daitezkeen anomaliak identifikatzen eta horiei aurrea hartzen jardungo du.
ISSELUB proiektu europarraren barruan dago kokatuta lankidetza hau. Euskal zentroa da proiektu horretan buru, eta multinazional alemanak ere parte hartzen du, industria-kide gisa.
2016ko urtarrilean abiarazi zen proiektua, eta 2018ko abendura arte luzatuko da. Europako Batzordeak 680.000 euroko finantzaketa bideratu du proiekturako, Clean Sky ikerketa-programaren esparruan; izan ere, produktu aeronautiko jasangarriak garatu nahi dira programa horrekin.
Ikerketa-ildoak
ISSELUBek dituen xede espezifikoen barruan, hegazkinen osagaien junturetarako aukera berriak bilatuko ditu zentro teknologikoak, marruskadura, higadura eta muturreko funtzionamendu-egoeretan ihesak egoteko aukera murriztea ahalbidetu dezaten horiek, eta, horrela, osagaien bizitza baliagarria luzatu.
Alternatiba horien eraginkortasuna probatzeko, garapen propioa dauka IK4-TEKNIKERek: TESSA izena duen saiakuntza-banku berritzailea. Banku horri esker, zigilatzeko gaitasuna eta zenbait osagai mekanikoren zigilatze-sistemen prestazio tribologikoak karakteriza daitezke, zerbitzuko baldintza askoren pean. ISSELUB proiektuaren esparruan, klima-kamera bat diseinatu da, eta Liebherr-en eragingailuen gaineko saiakuntzak egin ahalko dira horri esker, -50 eta +120 ºC arteko tenperatura-tartean.
Aldi berean, osagaiak monitorizatzeko alternatiba berriak garatu nahi ditu proiektuak. Horretarako, Atten2 Advanced Monitoring Technologies euskal enpresaren laguntza dauka zentro teknologikoak. IK4-TEKNIKERen spin-off bat da hori, eta makinetan eta industria-prozesuetan fluidoak eta lubrikatzaileak monitorizatzeko lineako sentsore optikoak garatzen eta ekoizten ditu.
Industria aeronautikoan erabiltzen diren fluidoetara egokituko ditu Atten2 enpresak bere sentsoreak, eta, horiekin, sistema aeronautikoetan erabiltzen diren lubrikatzaileen parametro fisikoak eta kimikoak monitorizatuko dira, egoera anomaloak identifikatzeko eta osagaien bizitza luzatzeko.
Sistema berriak efizienteak izan daitezen, algoritmo baten garapenean eta ezarpenean ari da lanean IK4-TEKNIKER, egoera kritikoen berri emango duten ohar bihur daitezen monitorizatutako datuak. Eragingailuetako akatsak diagnostikatzeko eta iragartzeko gai izango da algoritmo hori, eta mantentze-lan egokiena egiteko informazioa emango du, segurtasuna eta efizientzia areagotuz aldi berean.
"Industria aeronautiko europarrari bultzada emateko proiektu erabakigarria izatea espero dugu", baieztatu du Iñaki Bravo IK4-TEKNIKEReko ikertzaileak. "Osagaien monitorizazioan, gainazalen elektronikan, fisikan eta kimikan, eta tribologian eta fluidoen sentsorikan dugun eskarmentuari esker, baliozko ekarpenak egin ditzakegu mantentze-lan igarleko irtenbide berrien garapenean", gaineratu du.