Etorkizun jasangarrirako material, produktu eta prozesu berriak
Teknikerrek Europako IRISS proiektuan parte hartzen du, garapenaren lehen etapetan diseinu seguru eta iraunkor baterako trantsizioa bizkortzeko.
Diseinuaren eta fabrikazioaren lehen faseetan esku hartu behar da, gizakientzat eta ingurumenarentzat jasangarriak diren materialak bermatzeko, birziklapena bultzatzeko eta baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko. Horregatik, Europako Erkidegoak IRISS izeneko proiektu bat jarri du abian, modu seguruan eta jasangarrian diseinatutako material, produktu eta prozesuetarako trantsizioa bizkortzeko.
Teknikerrek parte hartzen duen IRISSen helburua Kimika Jasangarrirako Europako Plataforma Teknologikoak (SUSCHEM) sustatutako mundu mailako sare bat sortzea da, hainbat aditu, enpresa, ikertzaile, agintari eta beste gizarte-eragilez osatua. Proiektua Suediako Ingurumen Ikerketarako Institutuak (IVL) koordinatzen du. Hiru urteko proiektua da, Europako Horizon programak finantzatua, 4,3 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 20 bazkidek parte hartzen dute.
Teknikerrek IRISS proiektuan parte hartzen du, Europako Materialen Plataformako (EUMAT) eta Europako Materialen Aliantzako (A4M) idazkarikide gisa. Zentro teknologikoak diseinu-fasean erabilitako Segurtasun- eta Jasangarritasun-irizpideei eta metodologiei lotutako mapaketa-ekintzak koordinatuko ditu [Safe and Sustainable by design (SSbD)].
Berrerabilera, birziklapena eta eredu zirkularrak
Diseinu seguru eta jasangarriaren kontzeptua materialen eta produktuen garapenaren lehen etapetan osasunerako eta ingurumenerako kaltegarriak izan daitezkeen efektuen prebentzioan oinarritzen da. Horrek esan nahi du jasangarritasuna bizi-ziklo osoan zehar aztertu behar dela, berrerabiltzea, birziklatzea eta eredu zirkularrak ezartzea errazteko.
Proiektuak ikuspegi hori ontziratzearen, automobilgintzaren, eraikuntzaren, elektronikaren, ehungintzaren eta energiaren sektoreetan aplikatzeko har daitezkeen oztopoak eta hartu beharreko neurriak aztertuko ditu. IRISSek enpresei produktu berriak eta berritzaileak garatzeko bidean laguntzeko diseinatutako hainbat ibilbide-orri argitaratuko ditu. Gainera, enpresa eta erakundeentzako berariazko prestakuntza-zerbitzuak sortuko dira. IRISSek erakunde jasangarri bat sortzeko asmoa du proiektua amaitu ondoren, kasu arrakastatsuen azterketak egin ondoren.
IRISSek oztopoak eta erronkak izango ditu ardatzeta hainbat sektoretan SSbD metodologia ezartzeko egin beharreko ekintzak definituko ditu, partzuergoaren plataforma espezializatuen bidez, hau da, ontziratzea (IPC), automobilgintza (CLEPA), eraikuntza (EFCC), elektronika (INL), ehungintza (ETP) eta energia (EMIRI)
Proiektu hau Europar Batasuneko HORIZON EUROPE ikerketa eta berrikuntza programak finantzatzen du 101058245 zenbakiko diru-laguntza akordioaren bidez.