Metalezko eta plastikozko osagaiak laser teknologia bidez lotzeko sistema

Helburua

Polimeroa eta metala laser bidez lotzea gehigarririk, itsasgarririk eta lotura mekanikorik gabe.

Emaitzak

Material disimilarrak (plastikoa-metala) lotzea.

Metalezko eta plastikozko osagaiak laser teknologia bidez lotzeko sistema

Orain arte, plastiko-metal lotura ohiko metodoen bitartez egin da; esaterako, itsasgarri bidez edo lotura mekaniko bidez. Prozesu horietan, ordea, eragiketa asko egin behar izaten dira, eta diseinu-mugak dituzte.

Tekniker-en, polimeroa eta metala laser teknologia bidez gehigarririk, itsasgarririk edo lotura mekanikorik gabe lotzeko kontzeptu berritzaile baten abantailak eta desabantailak aztertzen ari gara. Gainera, laser bidezko soldadurak propietate mekaniko bikainak eskaini behar ditu, egituren osotasuna bermatzeko; gainera, ohiko teknikekin alderatuta (lotura mekanikoa edo itsasgarri bidezkoa), abantaila nabarmenak ditu. Material disimilarrak (plastikoa eta metala) lotzeko prototipoak ere lortu nahi dira, ziklo-denbora txikiekin eta aplikazio-aukera zabalarekin.

Azterketa hori egiteko, behar diren laser-sistemak doitu dira, bai metalaren gainazalaren aurretratamendua egiteko behar direnak, bai lotura-prozesua egiteko behar direnak.

Lehenengoan, metalaren gainazalaren aurretratamenduan, bi laser-sistema desberdin hartu dira kontuan, oso ezaugarri desberdinetako gainazal-aldaketak egiteko: alde batetik, nanosegundoen ordenako pultsu-laserra, eta, bestetik, uhin jarraituko zuntz-laserra (CW).

Lotze-eragiketa egiteko, berriz, bi laser-sistema hartu dira kontuan: uhin jarraituko zuntz-laserra (CW) eta potentzia altuko diodozko laserra. Sistema horiek, buru optiko desberdinak erabiliz, potentzia-maila desberdinetako soldadura-estrategiak aztertzeko aukera ematen dute.

Horren guztiaren ondorioz, ezagutza sakona lortu dugu material disimilarren loturan (plastiko-metal loturan) parte hartzen duten mekanismoei buruz. Ezagutza horrek aukera ematen du materialik ahulenaren (plastiko indartuaren) haustura-kargak baino handiagoak dituzten plastiko-metal mihiztadurak lortzeko.

Laser bidez sortutako plastiko-metal loturek oso prozesu malgua dute, lotura mekanikoekin alderatuta. Itsasgarriak erabiltzen dituzten ohiko teknikekin konparatuta, laser teknologia bizkorragoa da, eta erresistentzia mekaniko handiko eta malgutasun bereko loturak egiten ditu, baina kutsatzailerik erabili gabe.

Proiektua automobilgintzako aplikazioetara bideratuta dago, batez ere, baina lortzen den teknologia beste sektore batzuetan ere aplika liteke: aeronautika, energia, trengintza, elektronika eta medikuntza, besteak beste.