Neurri handiko azpiegitura kritikoen zaintza osoa egiteko prozesuen hobekuntza
ZONeSEC proiektu europarrean hartzen du parte IK4-TEKNIKERREK, bai perimetro-hesietan bibrazioak monitorizatzeko eta alertak hautemateko kostu txikiko haririk gabeko sentsore berrien garapenarekin, bai aipatu sentsoreak jartzeko tresnen eta euskarri-tekniken garapenarekin.
Esparru handiak hartzen dituzten eta eremu geografiko zabalak estaltzen dituzten azpiegitura kritikoen (ur, gas edo erregaien banaketarako sareak, trenbideak, autopistak eta abar) zaintza osoa egitea erronka handia da Europako herrialdeentzat, garrantzi berezia dauka-eta.
Instalazio horietan gertatzen diren hutsegiteek eragin handia izan dezakete sektore publikoan, biztanlerian, ekonomian eta ingurumenean. Azpiegitura horiek, gainera, herrialde ezberdinetako lurraldeak zeharkatzen dituzte batzuetan, edo, are, tarte baten edo batzuen gaineko emakida daukaten erakunde ezberdinek kudeatzen dituzte. Horrek zaildu egiten du modu koordinatuan eta garaiz integratzea eta eskuratzea informazio guztiak.
Testuinguru horretan sortu da ZONeSEC proiektu europarra, zeinetan IK4-TEKNIKERREK parte hartzen duen. Bada, azpiegitura horiek babesteko plataforma integratua ematea da proiektuaren xedea, esparru zabaletako zaintza-beharrei arreta emango diena eta herritarren segurtasuna sustatuko duena, aldi berean, egungo testuinguruan oso garrantzitsuak diren alderdiak kontuan hartuz (besteak beste, kostua, konplexutasuna, zaurgarritasuna, gizartearen onarpena, datuak babesteko alor arautzaileak eta etika).
IK4-TEKNIKERREK proiektuan egiten duen jarduerak hainbat esparru hartzen ditu. Alde batetik, buru da kostu txikiko monitorizazio-irtenbide berrien garapenarekin zerikusia duen jardueran. Bertan, perimetro-hesietan bibrazioak monitorizatzeko eta ezohiko portaerak hautemateko haririk gabeko sentsore autoelikatuen sare bat ari da garatzen.
Beste alde batetik, eta, era berean, fokua haririk gabeko sentsoreetan jarrita duela, bai eta neurri handiko azpiegituretan sortzen diren arazoetan ere (sentsoreen kopuru handia jartzea eta mantentzea -1.000 unitatetik gora-), eragiketaren guztizko kostua optimizatzeko erremintak eta metodologiak zehazten egiten du lan (baterako prezioa + hedapenaren kostua + mantentze-lanak + eragiketa).
Azkenik, proiektuan diseinatuko den plataformaren eta komunikazioen azpiegituraren arkitektura garatzen ari da laguntzen, modu aktiboan.
Galdera sorta
Testuinguru ezberdinetan zaintzarako/kontrolerako teknologiek duten hautemateari eta onarpenari buruzko inkesta ari da egiten ZONeSEC proiektu europarra. Batez ere, erreminta eta sistema jakin batzuetan zentratu da, garrantzitsutzat jo baitira horiek aktibo publikoak zaintzeko eta mantentzeko orduan.
Herritarren ikuspuntuak eta iritziak jasotzea eta ezagutzea da inkestaren xedea, proiektuaren azken arkitekturaren planteamenduan kontuan hartzeko horiek. Animatu zaitez inkestan parte hartzera, hemen klikatuz.
Eskerrik asko zure laguntzarengatik!