Nola egokitu automatizazioa produktuen pertsonalizazio masibora
Teknikerrek adimen artifizialeko soluzioen diseinua eta garapena gidatzen du ADAPTA proiektuan. Soluzio horiek sistema robotikoetan integratuz, logistika-, mantentze- eta muntaketa-lanak automatizatzea ahalbidetzen dute.
Pertsonalizazio masiboa, edo mass customization ingelesez, enpresei beren eskaintzak bezeroei egokitzeko eta behar espezifikoak asetzeko aukera ematen dien negozio-estrategia bat da, kostuak minimizatzeari eta eraginkortasuna maximizatzeari utzi gabe. Funtsean, bezero bakoitzarentzat bakarra den produktu edo zerbitzu bat sortzean datza.
Hala ere, sektore askotan goranzko joera horrek produktuetan sortzen duen bilakaera azkar eta etengabeak zaildu egiten du automobilgintzan edo kontsumo-ondasunen industrian erabiltzen diren automatizazio-estrategia klasikoen integrazioa, inbertsio ekonomiko handia eta berreskuratzeko denbora luzea behar baitute.
Ekoizpenean aldakortasun horrekin lan egiten duten fabrikatzaileentzako automatizazio-eredu alternatibo bat aurkitzeko eta produktibitatea handitzeko erronkarekin, Tekniker zentro teknologikoa, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kidea, ADAPTA ikerketa-proiektuaren buru da, Espainiako Gobernuaren TransMisiones programak finantzatuta.
Ekimenaren helburu nagusia ekoizpen-eredu malgua eta birkonfiguragarria sortzea eta ezartzea da, fabrikek inguruneko aldaketen aurrean egokitzeko gaitasun eta erresilientzia handia izan dezaten.
Horretarako, proiektuak egungo sistema robotikoen pertzepzio-gaitasunak hobetzea bilatuko du, ikusmenean eta adimen artifizialean (AA), sentsore integratuetan eta 2D eta 3D irudietan oinarritutako soluzioen bidez.
Era berean, giza esku-hartze minimoa duten egoera ezezagunetara edo aldakorretara egokitzeko aukera emango duten manipulazio-sistemen garapenean ere lan egingo da ekimenak irauten duen bitartean, betiere pertsonen presentzia eta haiekiko interakzioa aintzat hartuta, eta lankidetza-ingurune produktibo bat bultzatuz.
Ekimenaren alderdi zientifikoaren koordinatzaile gisa, Teknikerrek espazioak ezagutzea eta objektuak identifikatzea ahalbidetzen duten AAko ereduak garatzea eta heltze-puntuak automatikoki sortzeko ereduetatik abiatuta manipulazio-soluzioak hedatzea izango du helburu.
Gainera, demostrazio bidezko ikaskuntza-tekniken bidez, mihiztatze- eta manipulazio-lanak definitzeko prozesua bizkortu eta programazio-faseak laburtu nahi dira, eta azpiegitura digitalak gaituko dira elkarreragingarritasunerako, datuen partekatze seguru eta subiranorako eta ikaskuntza automatikoko ereduen bizi-zikloaren kudeaketarako.
Baliozkotzea industria-egoeran
ADAPTA proiektuak proposatutako metodologiak barne hartzen du Schréder konpainiak, proiektuaren bazkideak, Guadalajarako probintzian duen luminariak muntatzeko instalazioan emango duen eszenatoki industrial batean lortutako emaitzen baliozkotzea. Bertan, talde multinazionalak bere munduko ekoizpenaren % 50 inguru biltzen du.
Zehazki, manipulazio-, muntaketa- eta logistika-eragiketen hiru erabilera-kasu adierazgarri probatuko dira hainbat produkzio-egoeratan: produktua pintura-lerroan kargatzea eta deskargatzea, muntaketa-lerro kolaboratiboa eta produktu bukatuaren paletak kamioietan modu autonomoan kargatzea.
Espainiako Gobernuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren TransMisiones programak finantzatuta, ADAPTA proiektuak partzuergo bat du, Teknikerrek koordinatua, honako hauez osatuta: Smarttech, CT Ingenieros de Catalunya Aeronáuticos, de Automoción e Industriales, Automatización de Sistemas y Aplicaciones Industriales (ASAI), División Industrial Artisteril, Bcnvision, Schréder Socelec, Eurecat eta Madrilgo Carlos III Unibertsitatea.