Oinezkoen zoladuretan segurtasuna areagotzeko I+Ga
Lau euskal enpresak sustatu dute SEGURPAV proiektua, eta oinezkoen zoladuretan segurtasuna areagotzeko irtenbideak garatzeko asmoa du. IK4-TEKNIKERek parte hartuko du ekimenean, eta material funtzional berriak nahiz entsegu-protokoloak garatuko ditu.
Munduan milioika pertsona tratatzen dira urtero, irristatu eta erori ondoko lesioengatik, baina zoladura seguruagoak jarrita murriztu liteke kopuru hori. Eroriko horiek saihesteko, zeramikazko, harrizko, egurrezko eta hormigoizko zoladuretarako soluzio irristagaitzak daude gaur egun. Bada, gainazalaren zimurtasuna edo testura areagotzean edo gainazaletan askotariko tratamenduak aplikatzean oinarritzen dira soluzio horiek.
Alabaina, zimurtasuna asko handituz gero, zikinkeria geratzen da gainazalaren lazguneetan, eta zoladurak garbitzeko lanak nahiz horien mantentze-lanak zailtzen dira. Gainera, aplikatu ohi diren gainazaleko tratamenduek iraunkortasun mugatua izaten dute, denborarekin higatu egiten baitira eta funtzionalitate irristagaitza eskaintzeari uzten baitiote. Hala, gaur egun, ez dago zimurtasun gutxiko irtenbide irristagaitz iraunkorrik, gainazalak ondo garbitzea ahalbidetzen duenik.
Erronka horiei aurre egiteko xedez, SEGURPAV proiektuak, zeina Altuna eta Uria, A&B Bioteknologia Laborategiak, Tolosa Plastikoak, Juno Industriak eta IK4-TEKNIKER sozietateek osatzen duten partzuergoak abiatu duen, pertsonen segurtasuna areagotu nahi du, eta, horri begira, oinezkoen zoladuretan irristatzeagatik eragindako istripuen kopurua murriztea du helburu. Aldi berean, ordea, ez du zoladuren zimurtasuna handitu nahi, eta bestelako funtzionalitate batzuk eskaini nahi ditu (adibidez, iraunkortasuna).
IK4-TEKNIKERek bere know how-a erantsiko du, material funtzional berriak garatuz. Hala, nanomaterialak eta fase-aldaketarako materialak txertatuko ditu zementuzko eta pinturazko oinarria duten lurzoruetan.
Zementuzko oinarria duten lurzoruetan irristagarritasuna murriztuko duten eta propietate termikoak hobetuko dituzten irtenbide berriak egingo direla aurreikusten da. Horretarako, eroankortasuna eta biltegiratze termikoa areagotuko dituzten nanomaterialak eta fase-aldaketarako materialak txertatuko dira, eta, ondorioz, energia-eraginkortasuna handituko da.
Era berean, ur- eta disolbatzaile-oinarria duten pintura multifuntzional berriak lantzen ari dira, labainketaren kontrako erresistentzia areagotuko dutenak eta, gainera, hidrofoboagoak eta garbitzeko errazagoak izango direnak, nanomaterialak erantsita.
Zentro teknologikoak, halaber, propietateak eta iraunkortasuna denboran ebaluatzeko entsegu-protokoloak garatzen lagunduko du, bai lurzoru eta pintura berriei dagokienez, bai proiektuaren esparruan formulatutako garbiketa-produktu berriei dagokienez.
Halaber, ingurumenaren aldetik onargarriak diren garbiketa-soluzio berriak nahiz iraunkortasun handiko tratamendu irristagaitz berriak garatuko dira proiektuan, zeinek propietate fotokatalitikoak eta antiestatikoak zein mikrobioen kontrako eta distira berreskuratzeko propietateak dauzkaten.
Bestalde, zoladurak jartzeko prozesua optimizatzea eta lurzoruen gainazalen narriadura edo zahartzea ebaluatzea dira proiektuaren beste alderdi giltzarri batzuk.
SEGURPAV proiektua, hortaz, ikuspegi desberdin batetik abiatuta planteatu da, izaera guztiz lehiakorrarekin, eta, zimurtasuna areagotu gabe, zoladura irristagaitz berri, multifuntzional eta iraunkorragoak garatzeko xedea dauka.