ONAk eta IK4-TEKNIKERek bi hamarkadatik gorako lotura teknologikoa sendotu dute.
ONAk eta IK4-TEKNIKERek mekatronikaren eta zehaztapen-ingeniaritzaren eremuetan, fabrikazio-teknologia aurreratuetan eta gainazalen kimikan oinarritzen dute beren lankidetza.
ONA Electroerosión enpresa bizkaitarrak elektrohigadura-makinak fabrikatzen ditu Europar Batasunean, eta nabarmenetako bat da mundu-mailan. Bada, IK4-TEKNIKER zentro teknologikoaren erakunde kolaboratzaile gisa sartu da, bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu ostean.
Hitzarmena gaur sinatu dute, zentro teknologikoaren egoitzan, Eibarren, Javier González ONAko zuzendari nagusiak eta Alejandro Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak, eta azken urteetan mantendutako lotura teknologikoa denboran indartzeko eta sendotzeko xedea dauka.
Egun, Durangoko enpresak eta zentro teknologikoak ikerketa-proiektu teknologikoetan oinarritzen dute beren lankidetza, eta mekatronikaren eta zehaztapen-ingeniaritzaren eremuetan, fabrikazio-teknologia aurreratuetan eta gainazalen kimikan daude kokatu ikerketa horiek. Zehazki, honelako gaiak jorratzen dituzte: makinen funtzionalitatea handitzea, ultrasoinuek lagundutako elektrohigadura, EDM gas-fresaketarako gailuen garapena, dielektrikoen gehikuntza gehigarria eta fabrikazio gehigarria.
Hitzarmenaren xedeen artean, batez ere, estrategia teknologikoen lerrokadura dago. Horretarako, IK4-TEKNIKERek enpresari lagunduko dio bere I+G+b plan estrategikoa zehazteko orduan, eragile aditu gisa arituz, eta zentroko zuzendaritzarekiko eta bertako ikertzaile aipagarrienekiko elkarrizketa erraztuz.
Era berean, zentro teknologikoaren erakunde kolaboratzaileek erreserbatuta dauzkaten zenbait eskubideri eta onurari heldu ahal izango dio ONAk. Ildo horretan, elektrohigadura-makinetan aditua den enpresak IK4-TEKNIKERen azpiegiturak erabili ahal izango ditu, lehentasunezko baldintzetan.
Hitzarmeneko beste puntu batzuk IK4-TEKNIKERen irudia erabiltzeari buruzkoak dira; izan ere, ONAk zentro teknologikoaren irudia erabiltzeko baimena edukiko du, ikusgarritasun-tresna gisa. Bestetik, hautagai izan ahalko da erakundeko nagusiak hautatzeko prozesuan, eta zentroak antolatutako prestakuntza-jardueretan, jardunaldietan eta ekitaldietan hartu ahal izango du parte.
Hitzartutako jarduerek egoki funtzionatzen dutela egiaztatze aldera, bi urterik behingo bilerak egingo dituzte erakunde kolaboratzaileek, eta KAM (Key Account Manager) izeneko irudia edukiko dute. Horixe izango da erakundeak koordinatzeko arduraduna.
Hitzarmenak egiaztatu egiten du IK4-TEKNIKERek enpresa-eremuarekin duen harremanera hurbiltzeko eta berori sendotzeko konpromisoa duela.