Open Innovation Test Bed, ezarpen tribologikoetan material berriak balidatzeko eta eskalatzeko
Teknikerrek Europako i-TRIBOMAT proiektuan parte hartzen du; munduko lehen Open Innovation Test Bed garatzea du xede, ezarpen tribologikoetan material berriak balidatzeko eta eskalatzeko, eta, horrenbestez, Europako manufaktura-industrian berrikuntza sustatzeko.
Zientzia eta teknologiaren adar bat da tribologia, mugimendu erlatiboan dauden materialen interakzioa, marruskadura, higadura eta lubrifikazioa ikertzen dituena. Marruskadura eta higadura beti agertzen dira bi elementu kontaktuan eta mugimenduan daudenean (engranajeak, kojineteak, pneumatikoak eta abar); beraz, hainbat elementu, sektore eta ezarpenetan aurki daitezke. Makinen eta sistema mekanikoen funtzionamendua fidagarria, iraunkorra eta jasangarria izateko, marruskaduraren eta higaduraren kontrol eraginkorra behar da, bai eta materialen errendimendu orokorra ere. Hori dela eta, karakterizazio tribologikoa ezinbestekoa da produktu eta material berriak diseinatu eta garatzeko, edozein makina edo sistema mekanikotan irtenbide jasangarriak lortzeko.
Hala, industria-sektoreetan material eta produktu berriak txertatzeko, lehenik beren jokaera tribologikoa eta iraunkortasuna ezagutu behar dira, sistemaren funtzionamendu baldintza konkretuetan. Horrek material tribologikoen epe luzerako karakterizazioa egitea eskatzen du, bai eta proba zehatzak egitea ere, batzuetan konplexuak direnak; laborategiko hainbat mailatan egiten dira, materialen errendimendu tribologikoa edo fabrikazio-prozesuko desbideratzeak ebaluatzeko.
Teknikerrek, Europako i-TRIBOMAT proiektuko gainerako kideekin batera, industriako erronka hauei erantzuten die, plataforma deslokalizatu baten bidez; plataformak nortasun juridiko propioa dauka, eta sarbide-leihatila bakarra, Europa osoko berrikuntzako enpresei erakunde arteko eta mugaz haraindiko zerbitzu tribologikoak ematen dizkiena.
Proiektu honen esparruan sortzen ari da Open Innovation Test Bed, ezarpen tribologikoetara zehazki bideratutako material berrien balidazioa eta eskalatzea lortzeko; hala, aldi berean, materialen karakterizazio adimenduna egin daiteke, eta berrikuntza sustatzen da Europako manufaktura-industrian.
Teknikerrek, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kide denak, proiektuan parte hartzen du bi espezializazio-arlo eskainiz. Batetik, tribologiaren eremuan duen 38 urteko esperientzia, eta gainazalak aztertzeko dituen 30 tribometro eta ekipamenduak. Horiei esker, zentro teknologikoa arduratzen da materialen karakterizazio tribologiko esperimentalerako zerbitzuak definitzeaz, bai eta tribometroen konektibitateaz eta haien arteko datuen trukaketaz, eta gainazal partekatuen karakterizazioaz ere, hainbat laborategitako azpiegituretan. Bestetik, Tekniker-ek 20 urtetik gorako eskarmentua du digitalizazioan, datuen kudeaketan eta semantikan; horrek tribologiaren arloan erregistratutako datu guztiak biltzen lagunduko du.
Halaber, datuetan oinarritutako zerbitzuak definitzen eta ezartzen ere arituko da Tekniker. Ildo horretatik, zentro teknologikoak i-TRIBOMAT proiektuak materialen karakterizazioaren arloko Europako erakunde garrantzitsuekin dituen kolaborazioak ere kudeatuko ditu, hala nola, Ingeniaritza Aurreratuko Material eta Teknologien Europako Plataforma Teknologikoarekin (EUMAT) eta Materialen Karakterizazioko Europako Kontseiluarekin (EMCC).
Proiektuaren partzuergoan daude, halaber, Europako tribologiako ikerketa-zentro garrantzitsuenetako batzuk; arlo horretan Espainian Tekniker erreferentziako erakundea den bezala, Austrian AC2T dago, Finlandian VTT eta Alemanian BAM. i-TRIBOMAT proiektuan sortutako taldeak tribologiako zentroen esperientzia aprobetxatuko du hainbat saiakera egiteko, bai laborategian bai osagaietan, simulazioetan eta zenbakizko modelizazioan. Gainera, eskala handitzeko bereziki diseinatutako tresnak eta bazkide guztien esperientziarekin sortutako datu-basea erabiliz, posible da ohiko materialen zein material berritzaileen iraunkortasunaren aurreikuspenean aurrerapauso handiak ematea, industriako hainbat sistema eta ezarpenetarako.
Laburbilduz, Europako i-TRIBOMAT proiektua edozein tamainatako materialen eta osagaien fabrikatzaileen behar industrialei erantzuteko jaio da. Tribologiako ezagutza zehatz hauei, instalazioei eta azterketak egiteko tresnei esker, industria horiek beren ideia berriak kapitalizatu ahal izango dituzte irtenbide fidagarri eta iraunkorrak bideratzeko; horrenbestez, kostuak txikitu eta produktuak merkaturatzeko denbora murriztuko dira, % 20 arte, materialen eskalatzean.
i-TRIBOMAT proiektuaren iraunkortasuna, EBk diruz lagundutako epetik haratago, bermatuta dago erakunde juridiko bateko fundazio bati esker. Sarbide-leihatila bakar gisa funtzionatzen du, materialen karakterizazio tribologikoko zerbitzuen Europako plataforma izango denaren zerbitzuak izateko.
This project has received funding from European Union´s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement no.: 814494