Osagaien garbitasun-maila analizatzeko teknologia aurreratua
Tresna aurreratuen bidez osagaien garbitasun-maila neurtzeko zerbitzu bat jarri du martxan IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak. Zirkuitu hidraulikoetako osagaietan eta/edo fluidoetan dauden kutsatzaileen kantitatea analizatzen da zerbitzu honetan, analisi grabimetrikoa, partikulen zenbaketa automatikoa eta beste teknika batzuk erabiliz.
Zirkuitu hidraulikoetako piezetan eta/edo fluidoetan partikula kutsatzailerik baden egiaztatzea gero eta garrantzitsuagoa da errendimendu fidagarria lortzeko, higadura-tasak murrizteko eta nazioarteko merkatuetan lehiatzeko indarrean dauden garbitasun-arau zorrotzak betetzeko.
Gaur egun, zenbait parametro ezarri dira kalitatea eta segurtasuna kontrolatzeko; haien arabera, osagaiek ezin dute partikula kutsatzailerik eduki. Araudi hori bete beharra oztopo bat da fabrikatzaileak industriako zenbait sektore eta merkatutan sartu ahal izateko; nagusiki, automobilgintzan.
Enpresei halako eskakizunak dituzten merkatuetan sartzen laguntzeko, zirkuitu hidraulikoen osagaien eta/edo fluidoen garbitasun-maila analizatzeko zerbitzu bat jarri du martxan IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak.
Zerbitzuak, nazioarteko araudia betez, osagaietan dauden kutsatzaileen kantitatea neurtzen du analisi grabimetrikoa, sailkapena eta partikulen kontaketa automatiko bidez, eta kutsatzaileak identifikatzen ditu teknologia eta tresna aurreratuak erabiliz.
Hala, osagaien fabrikazio- eta muntaketa-prozesutik datozen partikulak kentzen, identifikatzen, sailkatzen eta zenbatzen laguntzen du, haien funtzionamenduak ez dezan hutsik egin.
Zerbitzu honetan, gainera, kutsatzaile-kantitatearen ebaluazio orokor bat ere egiten da; horretarako, behar denean, beste teknika batzuk erabiltzen dira, hala nola irudien analisia eta X izpien emisioaren espektroskopia bidezko analisi kimikoa ekorketa-mikroskopio elektronikoan (SEM-EDS).
Saiakuntzaren metodologiak eta emaitzak adierazteko formatuak betetzen dute piezen garbiketari buruz indarrean dagoen araudiak ezartzen duena (automobilgintzan, ISO 16232 eta VDA-19 gida; hegazkingintzan, ECSS-Q-ST-70-50C; eta fluido hidraulikoen kutsaduran, ISO 4406).
Horrez gain, ikerketa-zentroak badu metodologia bat beste sektore batzuetako prozeduretara moldatzeko ere; besteak beste, automobilgintza-, elektronika- eta hozketa-sektoreetara moldatzeko. Horren adibide da ISO 7 mailako gela zuria, betebehar zorrotzeneko kasuetan kutsatzaileak erauzteko erabiltzen dena.
Zerbitzu horren osagarri gisa, IK4-TEKNIKERek kutsatzaileen tipologia eta jatorria analizatzen eta diagnostikatzen ditu, bezeroari kutsatzaile horiek nolakoak diren eta iturburua non duten zehazten laguntzeko.