Panel fotovoltaikoak garbitzeko teknologia ultrasonikoa
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak ultrasoinuen bidezko garbiketa-sistema bat garatu eta patentatu du, zeinak eguzki-instalazio termikoen islagarritasunaren 0 berreskuratzen duen.
Energia Berriztagarri Ez Konbentzionalek (ERNC) aurrera egin dute azken urteotan, eta mundu mailan energia sortzeko gaitasuna ia %9 handitu zuten 2016an. Horien artean, eguzki-industria termoelektrikoak egin duen garapen esperimentala nabarmentzen da; izan ere, batez ere enpresa eta zentro alemanek eta espainiarrek I+Gn egin dituzten inbertsioei esker, aurrerapen handia eduki du eskura, erabiltzen diren teknologiaren hobekuntzari eta osagaien optimizazioari dagokienez.
Eguzkiaren beroa ustiatzen duten instalazioen etekinak zuzeneko lotura dauka horiek osatzen dituzten panel fotovoltaikoen (eguzki-kolektore esaten zaienen) islagarritasunarekin; izan ere, gailu horiek arduratzen dira eguzkiarekin sortzen den energia jaso eta energia hori energia termiko bihurtzeaz. Horien funtzionamendua ezin hobea izan dadin, ezinbestekoa da sistema horietako ispiluek funtzionamenduan pilatzen joaten den hautsik edo orbanik ez edukitzea.
Testuinguru horretan, heliostato motako panel fotovoltaikoetarako garbiketa-sistema bat garatu eta patentatu du IK4-TEKNIKERek, ultrasoinuen bidezkoa. Ispiluaren islagarritasunaren 0 berreskuratzen du sistema horrek, eta fabrikazioaren hasierako baliora itzularazten du. Eguzki-kolektore mota bat da heliostatoa, eta, eguzki-energia ahalik eta gehien optimizatze aldera, eguzkiaren mugimendua jarraitzeko xedez modu automatikoan mugitzen den ispilu batek edo batzuek osatzen dute.
Horretarako, ispiluaren gainazalean itsatsitako zikinkeria ekorketaren bidez kentzen duen gailu ultrasoniko bat diseinatu du zentro teknologiko gipuzkoarrak. Egungo garbiketa-teknikek (esaterako, presiopeko ur-zurrustek edo eskuilek) ez bezala, goi-mailako prestazioak eskaintzen ditu sistemak, erabiltzen diren bitartekoetan aurreztuz horrela.
Zentzu horretan, mikra baino txikiagoak diren hauts-partikulak deuseztatzea lortzen du, eta, gainera, ohiko metodoek baino 600 aldiz ur gutxiago erabiltzen du horretarako. Bestalde, garbiketarako tresnen (hala nola, eskuilen) eta ispiluen arteko kontaktuak eragiten dituen markak saihesten ditu gailu berriak; izan ere, epe luzera, marka horiek modu konponezinean murrizten dute ispiluen islagarritasuna.
IK4-TEKNIKERek ultrasoinuen bidezko eta murgilaldirik gabeko garbiketara jo du, sistema hori garatzeko. Teknologia horrek ez du upelik behar garbitu behar den objektua bertara sartzeko, eta abantaila da hori, bolumen handiko edo mugikortasun murriztua duten gainazaletan ezar daiteke-eta. Horrela, bada, kabitazio-eremua (garbiketa ultrasonikoaren printzipio aktiboa) sortzen da garbitu behar den hedaduraren gainean jarritako ur-geruza mehean.
Beira garbitzeko eraginkorra izateaz gain, askotariko gainazaletan (adibidez, zoladuretan edo fatxadetan) ezar daitekeen irtenbidea da. "Hainbat sektoretako enpresetan (besteak beste, hiriko edo industriako mantentze-lanen sektorean) ibilbide interesgarria egingo dela iragartzen du egitate honek, neurri handiko osagaiak garbitzeko eta ekoizteko gailuak garatzen dituzte-eta", ziurtatu du Jon Ander Sarasua IK4-TEKNIKEReko ikertzaileak.
"Sistema honek, gainera, IK4-TEKNIKERek energia berriztagarrien lehiakortasuna areagotzen duten irtenbide teknologikoak ekartzearekin duen konpromisoa egiaztatzen du", ondorioztatu du Sarasuak.
SolarPACES biltzarrean egongo gara
IK4-TEKNIKERek SolarPACES biltzarrean aurkeztuko du gailu berria. Eguzki-energia kontzentratzeko arloan eta energia kimikoko sistemen arloan mundu mailako biltzar erreferentea da SolarPACES. Txileko Santiagon egingo da, irailaren 26tik 29ra.
Ekitaldiaren esparruan, zentro teknologikoak lau ponentziatan hartuko du parte. Horietan, ultrasoinuen bidezko garbiketa-sistemaz gain, eremu horretan burutu dituen beste irtenbide batzuk ezagutaraziko ditu; besteak beste, heliostatoak kalibratzeko prozedura berri bat eta zikinkeriaren aurkako eguzki-islagailuen formatu berri bat.
Energiaren Nazioarteko Agentziak antolatu du hitzordua, eta mundu osoko 600 ikertzaile, zientzialari eta enpresaritik gora elkartuko dira bertan, energiaren eremuan egin diren azken berrikuntzez aritzeko.