Patenteak eginez, teknologiaren transferentzia eta lehiakortasun industriala sustatzen dira
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa eragile aktiboa da patenteak erregistratzeko unean, eta bere ikerketa-jardueraren emaitzak industriara eramateko mekanismotzat erabiltzen du jarduera hori.
Zentro teknologikoek merkatura transferitzen dute beren ikerketa-jarduera, eta industriaren lehiakortasuna sustatzeko, berrikuntza bermatzeko eta ekoizpena areagotzeko gakoetako bat da hori.
Gauzak horrela, enpresa-ehunduran egiten den ikerketaren emaitzak ustiatzea errazteko mekanismo eraginkorrenetako bat da patente berriak erregistratzea, ikerketa-entitateek garatutako teknologiei erabilera industriala ematea ahalbidetzen baitute.
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa eragile aktiboa da patente berriak egiteko unean, zentroko adituen taldeak sortzen duen ezagutza formalizatu nahi baitu horrela.
"Patente berriak erregistratuta, egindako garapenen bikaintasun-maila aitortzen da, eta, gainera, enpresen lehiakortasun-maila prozesuetan nahiz produktu berrietan hobetze aldera, hirugarrenei emaitza horiek erabiltzeko baimena ematen zaie", ziurtatu du Rüdiger Schmidt IK4-TEKNIKEReko enpresa-sustapeneko zuzendariak.
Patenteen Bulegoak sei patente berri esleitu zizkion 2016an zentro teknologikoari, eta zentroak beste hamabi eskatu zituen. Zehazki, egoitza Eibarren duen erakundeak oso jarduera nabarmena garatu du energiaren eremuan. Hamabi patente berri horien artean, energia berriztagarrien arloko bost eskatu zituen 2016an.
"Patente mota ezberdinak egiten ditugu. Inguruabarren arabera, patente horiek bezeroaren jabetzakoak izatera igaro daitezke, beste batzuk partekatutako jabetza bihurtzen dira, eta, gainerakoetan, banaka eusten zaio titulartasunari. Patentea gurea bakarrik denean, patentea ustiatu nahi duten enpresekin lankidetzan aritzea bilatzen dugu. Enpresa-ehundurara ezagutza bikaina eramateko formula paregabea da, bai eta enpresen lehiakortasuna handitzekoa ere", gaineratu du Schimidt-ek.
Azken urteotan, energiaren inguruko patenteak sortzen lagundu du IK4-TEKNIKERek; adibidez, patentea lortu du heliostatoak kalibratzeko metodo batekin. Metodo horrek modu berritzailean jorratzen du eguzkiaren islak dorrearen hargunea jotzea ziurtatzeko teknika aurreratu bat. Bestalde, eguzki-islagailuen eraginkortasuna denboran zehar handitzeko estaldurak diseinatu dira.
Jarraian, eskatu diren patenteen zerrenda jasotzen da. Horietatik, batzuk esleituta daude jada, IK4-TEKNIKERek energia berriztagarrien arloan egin duen ekarpena dela-eta:
- "Eguzki-islagailurako ispilua eta mihiztadura-prozedura". Nabarmen hobetzen du eguzki-ispilu islatzaileen funtzionaltasuna.
- “Method and device for ultrasonic cleaning”. Ultrasoinuetan oinarritutako garbiketa-sistema lehorra.
- "Zikinkeria-sentsorea eta gainazal bateko zikinkeria-kopurua hautemateko prozedura". Eguzki-islagailuen gainazalean dagoen zikinkeria-maila linean kontrolatzea ahalbidetzen du.
- "Gainazal islatzaileak egiaztatzeko gailua eta metodoa eta kalibratzeko metodoa". Sistema optikoetan oinarritutako irtenbidea da, eta kalitatea ziurtatzea du xede; bai ispiluen fabrikazioan, bai, muntaketa-prozesuan, heliostato-moduluen egiaztapenean.
- “Coated glass for solar reflectors”. Zikinkeriaren aurkako estaldura, eguzki-islagailuen efizientzia luzaroan areagotzeko xedea duena.
- Izotzaren aurkako estaldurak. Osagaien gainazaletan izotza sortzea atzeratzeari begirakoa.
- “Sealed mechanical connection between glass and metal for receiver tubes used in solar plants”. Hodi-hartzaileak beiraz-metalez zigilatzeko irtenbidea ematen duen sistema.
- “Solar thermal collector device”. Eguzki-hargailuen irtenbide berritzailea garatzen duen metodoa, tenperatura baxu eta ertaineko ezarpenetarako.
- “Improved heat-transfer fluids”. 350ºC arteko fluido bero-eroaleetarako formulazioa.
- "Absortibitate-erregulazioarekin argia hartzeko gailua". Eraikin baten barrualdeko argitasuna eta fatxadan sartutako eguzki-kolektore termikoak hartutako energia aldi berean erregulatzea ahalbidetzen duen sistema.
- "Fluidoak monitorizatzeko sistema, infragorri hurbileko espektroskopian oinarritutakoa" eta “Fluid Monitoring System”. Erabileran dauden olioen egoera linean hautemateari begirakoak.
Era berean, sektore honekin zerikusia duten beste garapen batzuk ere babesten ditu IK4-TEKNIKERek, industria-sekretuaren bidez:
- Alde bakarreko heliostatoa. Egungo irtenbideak hobetzeko xedea dauka; kostuak murrizten ditu, serieko fabrikazioa automatizatzen du eta muntaketa- zein doikuntza-lanak errazten ditu.
- Xede optikoak dituzten estaldurak. Hodi-hartzaileetan emisibitate- eta absortibitate-ezaugarriak hobetzeari begirakoa.
- Aerosorgailuak kontrolatzeko algoritmoak.