Pieza handiak neurtzeko teknologia berriak
IK4-TEKNIKERek simulazio-, egiaztapen- eta muntaketa laguntzarako irtenbide berriak sartu nahi ditu merkatuan, osagai handiak neurtu ahal izan daitezen industrian.
Metrologia eta makinan zein prozesuan egiten den ikuskapena gero eta ezinbestekoagoak dira industria-jarduera garatu dadin. Gero eta handiagoak eta sofistikatuagoak diren osagaiak fabrikatzea eskatzen dute aeronautika, ontzigintza edo haize-energia bezalako sektoreek, eta, gauzak horrela, neurri handiko piezetan zehaztapen handiagoa lor dezaketen eta fabrikazio-prozesuan piezak neurketa-bitartekoetara eramatea saihestuko duten neurketa-irtenbideak garatu behar dira.
Eszenatoki berrira egokitzeko xedez, egun, neurketa-prozedura aurreratuekin, metrologia aurreratuko softwareekin eta neurketa-sistema eramangarriekin egiten du lan IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak, simulazio-, egiaztapen- eta muntaketa laguntzarako irtenbide berriak sartu nahi baitituzte sistema horiek merkatura.
Gaur arte, ekoizpen-gunetik hurbil kokatutako eta koordenatu bidezko neurketa-makinekin neurtu izan dira piezak. Jarduera horrek ez du ziurtatzen azken produktuaren kalitatea, eta kostu handia dakar, piezak mugitu behar izatearen ondoriozko kostuengatik batez ere.
IK4-TEKNIKERek dituen ekipo berriek, plantan bertan zehaztasun onargarria lortzeaz gain, non ingurumen-aldaketa den metrologiaren etsairik handiena, neurketen plangintza hobetzen dute, eta neurketa-estrategia aurreratuak (hala nola, trilaterazioa edo multilaterazioa) ezartzea ahalbidetzen, bolumenen eta osagai handien ziurgabetasun handia murriztea lortzeko.
Adibidetzat har dezakegu Spatial Analyzer softwarea. Tokian bertan egiten diren egiaztapen-gaitasunak areagotzea ahalbidetzen du zentro teknologikoak erabiltzen duen soluzio horrek, simulazio-erraminten bidez. Bestetik, piezak neurtzean sortzen diren ziurgabetasunak murriztea ahalbidetzen du, goi-mailako neurketa-sistemen bidezko simulazio-gaitasunari esker. Hala nola, hauek dira goi-mailako neurketa-sistema horiek: tracker laserra, fotogrametria edo beso artikulatua.
Hori dela-eta, Spatial Analyzer softwarea inpaktu handia ari da eragiten osagaien egiaztapenean eta muntaia handien muntaketen laguntzan.
Interferometria, teknologia aitzindaria
Soluzio berrien etengabeko bilaketan, teknologia lider gisa ari da kokatzen interferometria, makina-erreminta handien monitorizazioari eta geometria-egiaztapenari dagokienean.
Interferometro tradizionalek bilakaera izan dute, bolumena egiaztatzeko tracker laser erraminta bilakatu diren arte. Erraminta horiekin, bolumetrikoki egiazta eta konpentsa daitezke makina-erreminta eta koordenatuen bidez neurtzeko makina ertainak eta handiak, lan-bolumen osoan zehar, oso bizkor.
Zentzu horretan, IK4-TEKNIKER Etalon AG enpresa alemaniarrarekin dabil lankidetzan, interferometrian oinarritutako irtenbideak ezarriz, makina-erremintak eta koordenatuen bidez neurtzeko makinak egiaztatzeko, konpentsatzeko eta monitorizatzeko.
Etalon AGren Multiline irtenbidea bezalakoek makinaren geometria-aldaketa kanal interferometrikoen bidez monitorizatzea lortzen dute. Bada, joera handia markatzen dute horiek makina-erreminta handien geometria-monitorizazioan.
IK4-TEKNIKERek ekoizpen-prozesu berrien eremuan duen eskarmentu handiari eta goi-mailako metrologian duen espezializazio aitortuari esker, zentro teknologikoa funtsezko pieza bihurtu da neurketa-sistemak egungo merkatuari egokitzeko saiakeran.