Plastikoen soldatzea
Azken hamarkadan zenbait industria-sektoretan (automobilgintzan, mihiztaketan eta biomedikuntzan) interes berezia piztu duen laser bidezko material-prozesuetako bat termoplastikoen soldadura da. Beste ohiko teknika batzuekin alderatuta (lotura mekanikoa edo itsasgarri bidezkoa), termoplastikoen laser bidezko soldadurak abantaila handiak ditu; adibidez, haustura-tentsio handiak, prozesu-denboren murrizketa eta termikoki eragindako guneen minimizazioa.
Berriki, material disimilarren soldadura garrantzi handia hartzen ari da. Normalean, aplikazio horien eskakizunetako bat egituren pisua txikitzea izaten da (automobilgintzan), osagai metalikoak osagai plastikoz ordezten ari direlako material disimilarren arteko mihiztadurak sortuz (plastiko-metal mihiztadura). Mihiztadura horiek askotariko termoplastikoak eta metalak laser bidez soldatuz egiten dira.
TEKNIKERek termoplastikoen soldaduran duen espezializazioa antzeko materialen soldadurari (plastiko-plastiko soldadura) nahiz material disimilarren soldadurari (plastiko-metal soldadura) dagokie.
Laser bidezko plastiko-plastiko soldaduran gehien erabiltzen den teknika transmisio bidezko soldadura da. Prozesu hori bideragarria izango bada, termoplastikoetako batek gai izan behar du aplikatzen zaion laser-erradiazioa xurgatzeko, eta beste termoplastikoak gardena izan behar du. Soldatze-prozesuan, laser-sortak polimero gardena zeharkatzen du; beste termoplastikoak laserraren energia xurgatzen du, eta, ondorioz, urtze-puntura iristen da. Berehala, eta tresna egoki batek polimeroen artean ukipen "perfektu" bat bermatzeari esker, urtutako termoplastikoak polimero gardena berotzen du, eta lotu egiten dira biak.
Laser bidezko plastiko-metal soldaduraren kasuan, loturaren printzipio fisikoa ez da plastiko-plastiko soldadura eragiten duen prozesuaren berdina. Lehenik eta behin, garrantzitsua da adieraztea kasu honetan ez direla murrizten plastikoen propietate optikoak. Soldatze-prozesua bai laser-erradiazioa xurgatzen duten termoplastikoekin bai termoplastiko gardenekin egin daiteke. Bi kasuetan, metalari aurretratamendu bat egin behar zaio, hura ere laser bidez egina. Aurretratamendu horretan, arrailak egiten dira metalean, gero, soldatze-prozesuan urtutako termoplastikoa sartzeko. Beraz, kasu horretan, lotura-mekanismo nagusia mekanikoa da.