Robotak nekazaritzara heldu dira
Teknikerrek robot bat garatzen lagundu du, berotegitik modu autonomoan mugitzeko, izurriak hasieratik hautemateko eta pestizidak aplikatzeko gai dena.
2050ean munduak 9.000 milioi biztanle izango ditu, hortaz, erronka handienetako bat orain da soluzioak garatzea elikatze-iturri jasangarriak eta iraunkorrak erabiltzen hasi ahal izateko.
Basque Research and Technology Alliance (BRTA) taldeko kide den Tekniker GreenPatrol proiektu europarrean parte hartzen ari da, berotegietan nekazaritza-produkzioa hobetzen lagunduko duen sistema berritzailea garatzea helburu duena; horretarako, eta aipatutako erronkei aurre egiteko, adimen artifiziala erabiliko du.
GreenPatrol robot autonomoa da, berotegi bateko landareetan izurriteak hasiera-hasieratik hautemateko, identifikatzeko eta tratamendu kimikorik egokiena aplikatzeko gai dena, aurretik adituek definitutako estrategiaren arabera. Sistemak ikusmen-sentsoreak eta Deep Learning edo ikaskuntza automatiko sakonean oinarritutako teknologia baliatzen ditu; hala, datu-baseak erabiltzen ditu, eta bertan hainbat intsekturen irudiak daude, beren bizi-zikloaren fase desberdinetakoak. Teknologia hauei esker, robotak tratamendurik egokiena bilatzen du, eta eragindako aldean aplikatzen; hortaz, pestiziden erabilera murrizten du. Berotegian barrena modu autonomoan mugitzeko, robotak GNSS Galileo izeneko Europako satelite bidezko nabigazio sistema darabil.
Prototipoa, balidatzeko prest
Uztetan izurriak kontrolatzeko GreenPatrol soluzioaren prototipoa prest dago tomate landareetan proba egiteko; laster, balidatzeko probak hasiko dira inguru errealetan. Robotak Lezamako (Bizkaia) berotegi batean egingo ditu probak, 2020ko lehen sei hilabeteetan. Fase horren ostean, helburua da proiektua uztailean amaitzea, merkaturatzeko prototipo batekin; hori izango da azken fasea robota merkaturatzen hasi aurretik.
GreenPatrol proiektu europarreko kide teknologikoa izanik, Tekniker arduratu da Deep Learning teknologian oinarritutako ikuskatze-sistema garatzeaz; sistemak izurriak identifikatzen ditu, eta robotak, tratamendu kimikorik egokiena aurkitu ondoren, horixe aplikatuko du.
Halaber, zentro teknologikoak beso robotikoa jarri dio, landareak manipulatu eta behar bezala ikuskatzeko, betiere pertsonen segurtasuna eta inguruko baldintza aldakorrak aintzat hartuz. Zehazki, zentroak adimen artifizialeko teknologiak garatu ditu tomate landareetako izurriak hautemateko, uzta aztertzeko (beso robotikoaren bidez) eta IPM (Integrated Pest Management) estrategia aplikatzeko; horri esker, sistemak erabaki dezake berotegiko zeintzuk landare aztertu behar dituen. Horrez gain, Teknikerrek plataforma mugikorraren hardwarea muntatu du, satelite bidezko nabigazio sistemarako, bai eta hodeiko software arkitektura ere, ibilbideak planifikatu eta oztopoak saihesteko.
Europako ikerketa-zentroen eta enpresen aliantza
GreenPatrol partzuergoa Europako sei kidek osatzen dute: bi zentro teknologikok (horien artean, Tekniker), unibertsitate batek eta hiru industria-enpresak. Proiektua, GNSS Europako agentziaren finantzaketa izan duena (2,4 milioi euro) Europar Batasuneko Horizon 2020 programaren baitan, 2020ko uztailaren 30ean bukatuko da.
This project has received funding from the European GNSS Agency under the European Union’s (EU) Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement no. 776324.