"Roll-to-roll" ekoizpen-sistema, mikrobioen aurkako geruza itsaskorrak fabrikatzeko
"Roll-to-roll" ekoizpen-sistemak, mikrobioen aurkako geruza itsaskor handiak fabrikatzeko, modu efizientean eta kostu gutxirekin.
Oheetarako, erretilu zeregina duten mahaietarako, alarma-botoietarako, osagarrietarako, eskulekuetarako eta iturrietarako albo-barrak. Ospitaleak toki ezin hobea dira bakterioek pazienteei zorigaiztoko infekzioak eragitera iristeko.
Europar Batasunak finantzatu du FLEXPOL proiektua, eta, besteak beste, Italiako, Espainiako, Portugalgo, Erresuma Batuko eta Alemaniako ikertzaileez eta industria-langileez osatutako partzuergoa dauka atzean, mikrobioen aurkako geruza itsaskorren fabrikazioa efizientea eta kostu gutxikoa izateko linea pilotua garatzeko xedea duena.
Pazientearen inguruko gainazal handietan ezartzen dira geruza horiek, kutsatzeko arriskua murrizte aldera. Materialaren eta gainazalaren egituraren arteko konbinazioa gai da hainbat germen mota deuseztatzeko eta bakterioen hazkuntza galarazteko, % 99ko eraginkortasunarekin. Neurri horrek, pazienteen eta medikuen osasuna babesteaz gain, onura ekonomiko handia ekarriko du, gutxiago gastatu beharko baita detergenteetan eta desinfektatzaileetan.
Geruza horiek gainazal handietan ezartzea da proiektuaren xedea (hormetan eta lurzoruetan, adibidez), ahalik eta gehien murrizteko mikrobioek eragindako kutsadura.
Bi faktoreri esker lortzen da efektu hori: batetik, egitura nanoak filmaren gainazalean, eta, bestetik, mikrobioen aurkako olioen nahasketa duten material polimerikoak: Egitura nano horiek "roll-to-roll" prozesu batean polimeroari ezarriz gero, bakterioak eta onddoak itsastea zailtzen da; izan ere, erabiltzen diren egiturek kalte mekanikoak eragiten dituzte zelularen mintzean, agente patogenoak deuseztatuz horrela. Etorkizun handiko irtenbidea da, eta partzuergoa osatzen duten kide guztiek hainbat urrats ematea, ekarpenak egitea eta laguntzea behar du.
Celanese Softer SpA enpresa italiarrak polipropilenoa egin du, eta horrela hasi da proiektua. Horretaz gain, materialaren karakterizazio erreologikoaz, termikoaz eta mekanikoaz arduratzen da enpresa hori.
Bestetik, proiektuan zehar, birziklapenaren inguruko aholkua emango du Softer enpresak, eta buru izango da materialen ustiapenean.
Naturality SL enpresa espainiarrak eta Alacanteko Unibertsitateko ikertzaileek elkarrekin egiten dute lan olio esentzialak kapsulatzeko orduan. Olioa ateratzeaz eta bakterio jakin batzuei eraso egiteko mikrobioen aurkako nahasketa espezifikoak garatzeaz arduratuko da Naturality enpresa, eta olio esentzialen liberazioari lotutako zinetikaren diseinuaren eta karakterizazioaren arloan duen eskarmentua gaineratuko du Alacanteko Unibertsitateak.
Hurrengo fasean, Propagroup SpA enpresa arduratuko da geruza-bolumen handiak ekoizteaz, olio esentzialen nahasketekin dopatutako polipropilenoa estruituz, puzte bidezko estruzio-prozesu batean. Pikorrak beste kide batek hornituko ditu; Softer enpresak.
Filmaren gainazalean sartzen diren egitura nanoekin dauka zerikusia proiektuaren beste alderdi erabakigarri batek. Lankidetza bidez ari dira garatzen egitura horiek, IK4-TEKNIKER eta Nanozientzien eta Nanoteknologien Kataluniako Institutua (ICN2) ikerketa-zentro espainiarren artean.
IK4-TEKNIKERek esperientzia handia dauka egitura nanoen diseinuan, eta bere ezagutzak erantsiko dizkio FLEXPOL proiektuari. Era berean, inpresio termiko nanoaren bidez fabrikatuko dituzte egitura nanoak; gainazal txikietan lehenengo, "roll-to-roll" protokolo etengabera iristeko gero. Bestetik, eremu handiko inpresio-patroien fabrikazioan ere egingo dute lan. IK4-TEKNIKERek, bestalde, filmaren ezaugarri mekanikoak karakterizatuko ditu.
Nanozientzien eta Nanoteknologien Kataluniako Institutuak (ICN2) aurreko guztia osatuko du, egitura mikroetan eta nanoetan oinarritutako topografia hierarkikoak fabrikatzeko teknikekin. Gainera, in-line neurketa-sistema ez-inbaditzaile baten patentea dauka, eta etengabeko ekoizpenean geruzen kalitatea ikuskatzea ahalbidetuko du horrek.
Produkzio Teknologien Fraunhofer Alemaniako Institutua, IPT, da proiektuaren koordinatzailea, eta, horretaz gain, geruzaren materiala, egitura nanoak, erramintak eta linea pilotu batean produktuaren kalitatea monitorizatzeko behar diren tresnak mihiztatuko ditu. Egituraketa-prozesu nano baten eraginpean uzten da geruza; "roll-to-roll" prozesuaren mende, alegia. Bereziki, etengabe ekoizteko dago egokituta prozesu hori.
Honako hau da ekoizpen-prozesu honen erronka: etengabe ezartzea mikrobioen aurkako ezaugarriak dituzten egitura nanoak geruza polimerikoaren gainean.
Proiektuaren beste helburuetako bat da geruza itsaskor berritzaile horiek industriara eramatea; izan ere, oraingoz, laborategian bakarrik probatu dira materialak, egiturak eta prozesuak.
FLEXPOL proiektuan, benetako mediku-inguruneetan egingo dira mikrobioen aurkako geruzen inguruko saiakuntzak; hau da, ospitaleetan eta egoitzetan.
Portugalgo Minhoko Unibertsitateko 3B ikerketa-laborategiak arduratuko dira olio esentzialek eta inprimatutako egitura nanoek mikrobioen aurka duten jarrera karakterizatzeaz.
Aldi berean, Espainiako Donostiako Unibertsitate Ospitaleak karakterizatuko eta ebaluatuko ditu kutsaduraren aurkako geruzen eraginkortasuna, iraunkortasuna eta erresistentzia, eta filmak ospitaleetan erabiltzen diren garbiketa- eta desinfektatze-protokoloekin bateragarriak diren baloratuko du.
Azkenik, Granta Design Ltd. (Erresuma Batua) enpresak bilduko du mikrobioen aurkako materialei, topografia nanoei eta errendimenduari buruzko informazio guztia, proiektuan eskuratzen dena, produktuaren inguruko dokumentazio fidagarria egon dadin, geroko erregulazio- eta ziurtagiri-faseari begira.
2017ko urtarrilean hasi zen FLEXPOL proiektua, hiru urteko iraupena edukiko du, eta Europar Batasunak 5,17 milioi eurorekin finantzatu du.