Sektore logistikorako irtenbideak garatzen dituzte IK4-TEKNIKERek eta ULMA Handling Systems-ek.
Zentro teknologikoak eta aipatu enpresak I+G+B eremuan baterako esperimentazio-ingurunea sortzeko akordioa sinatu dute.
IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak eta ULMA Handling Systems enpresak I+G+B eremuan baterako esperimentazio-ingurunea sortzeko xedez sinatu dute akordioa, sektore logistikoari aplikagarriak zaizkion teknologia berriak garatzea ahalbidetuko duena.
Eibarreko zentro teknologikoaren egoitzan sinatu zuten akordioa Alejandro Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak eta Juan Jesús Alberdi ULMA Handling Systems-eko zuzendari nagusiak. Bada, hitzarmenak bien arteko harremana sendotu du, erakunde kolaboratzaile gisara, eta garapen teknologikoetan elkarrekin lan egitea ahalbidetuko die; hala nola, ekipo berrien diseinuan (robotak, zamak manipulatzeko jasogailuak eta gailuak, besteren artean) eta osagai mekatronikoen automatizazioan, robotikan eta ikusmenean.
Alde batetik, IK4-TEKNIKERek ezagutza berrien sorkuntzaren eta transferentziaren bidez enpresen lehiakortasuna sustatzeko orduan dituen bokazioa eta konpromisoa finkatzen ditu hitzarmenak. Bestetik, ULMA Handling Systems-ek berrikuntza lan-eremu ezberdinetako jardueraren motor gisa sendotzeko duen nahia indartzen du.
Azken batean, Oñatiko enpresari irtenbide teknologiko aurreratuagoen garapenean urrats bat gehiago ematea ahalbidetuko dion lankidetza gauzatzeko balio izan du egintzak.
Haziz doan lankidetza
Hitzarmenak ULMA Handling Systems-en eta IK4-TEKNIKERen artean haziz doan lankidetza sendotu du. Aurretiko garapenen ondoriozkoa da aipatu elkarlana, izan ere, elkarrekin aritu izan dira robotika, osagai mekatronikoak, softwarea eta abar bezalako arloetan. Adibidez, sistema paletizatu anizkoitza garatu zuten. Horrek, Ulma Handling-en biltegi-lerro automatikoetan txertatuta, palet erreferentzianiztunen ekoizpena automatizatzea ahalbidetu du (IKPAL proiektua).
EUROC proiektu europarraren markoan, FLECOOP erabilera-kasua garatu da picking bateraturako.
Bi erakundeen arteko hitzarmenaren ondorioz, ikerketarako eta garapenerako estrategiak bateratu dira, eta garrantzi berezia hartu dute 4.0 Industria izenez ezagutzen denean, automatizazioan eta robotikan integratutako irtenbide teknologikoetan sartzen diren estrategiek.
Bestetik, nabarmendu beharra dago Knowit elkarlanezko adimen-plataforma abiaraziko duela laster ULMA Handling Systems-ek. Zentro teknologikoak garatu du aipatu plataforma, erabakiak hobeto har daitezen erakundeetan; bai maila operatiboan, bai maila estrategikoan.