Sentsore autokargagarriak automobilen eraginkortasun energetikoa hobetzeko

Data 15-09-2022 Tekniker

Teknikerrek Europako SUINK proiektua koordinatzen du, automobilgintza-sektorerako sentsoreen energia-hornidurako soluzio ekologiko berritzaileak garatzeko.

Automobil moderno batek 60 sentsore baino gehiago ditu tenperatura, olioaren presioa, emisio-mailak edo abiadura kontrolatzeko. Kopuru hori handitu egingo dela aurreikusten da ibilgailu elektrikoak gehitu ahala. Horrelako sentsoreak elikatze-iturri batera konektatu behar dira kable eta konektoreen bidez. Horrek nahi ez den pisua eransten du eta ibilgailuaren fidagarritasun orokorra murriztu.

Teknikerrek koordinatzen duen Europako SUINK proiektuaren helburua da autokargako elikadura-sistema jasangarriak, malguak eta inprimagarriak diseinatzea eta garatzea, automobilgintzarako sentsore-sorta zabal bati energia emateko gai direnak. 

Proiektua 2022ko irailaren 15ean jarri da abian, Teknikerren Eibarko egoitzan, eta lau urteko iraupena aurreikusten da. Europako bost herrialdetako hamaika bazkidek hartzen dute parte Horizonte Europa programak finantzatutako ekimen honetan.

Energia-iturriak

SUINK proiektuak garatuko dituen energia-sistema berritzaileak elementu jasangarrietan oinarrituko dira. Oinarri biologikoko tinta eroale, dielektriko eta piezoelektrikoen konbinazioan oinarrituko da. Tinta horiek inkjet printing bidez aplikatuko dira gainazal malgu birziklagarrien gainean.

Teknologia berritzaile hori tenperatura-, hezetasun- eta tentsio-sentsoreak sortzeko aplikatuko da, mugitzen ari den ibilgailuaren bibrazioak energia-iturri gisa erabiliz.

Beste aplikazio batzuen artean, energia aprobetxatuko duen eta ibilgailuen barnean erabiliko den ehun-material birziklagarri berri bat garatuko da.

Osagaien pisua murriztean, SUINK proiektuak automobilgintzaren produktibitatea eta eraginkortasun energetikoa handitzen lagunduko du, ekonomia erabat zirkularraren ikuspegiarekin. Produktuen diseinutik hasi eta bizitza baliagarriaren amaieraraino, birziklatzeko eta berrerabiltzeko protokolo berriekin.

Informazio gehiago.